Isunak, ahots kritikoak isilarazteko
Azken urteetan, ekintzaile sozial, sindikal eta politikoen aurkako isunen kopurua nabarmen hazi dela salatu dute hiriko hainbat eragilek. Jazarpen ekonomiko horretan ez ito eta erresistentziarako egiturak eraikitzeko asmoz, Piztu Donostia izeneko plataforma osatu berri dute: "Isunen bidez isildu nahi gaituzte, baina ez dute lortuko".
Urtarrilaren 30eko greba orokorrari begira jaio da Piztu Donostia plataforma. Egun horretan poliziak ekintzaileei isun ugari jarriko dizkiela aurreikusita, hiriko eragile sozial, sindikal eta politikoek indarrak batu eta presio ekonomikoari elkarrekin aurre egiteko egiturak sortu dituzte. Urte hasierako aurkezpen ekitaldian azaldu zuten modura, behingoz “Mozal hiriari” aurre egiteko unea iritsi da.
Isunen “errepresio zuria” denbora luzez jasan ostean, gauzak aldatzeko premia handia zegoela azaldu dute Manoli Etxeberriak eta Andoni Rodriguezek, Piztu Donostiako kideek: “Orain arte, isunak etxeko bakardadean jasotzen genituen, eta bakoitzak bere kabuz egin behar zion aurre pisu ekonomikoari”. Arazo hori kolektibizatze aldera, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak azken bi urteetan ekintzaile sozial eta politikoei jarri dizkieten isunen kopuruagatik galdetu zioten udalari. Jasotako erantzunarekin, jada susmatzen zuten errealitate latza berretsi ahal izan zuten: 2018an eta 2019an zehar 289 isun jarri dira hirian; hamabi zigor hilabeteko.
Jazarpen hori arlo guztietako ekintzaileengana zabaltzen dela zehaztu du Etxeberriak: “Internazionalistak, antiespezistak, presoen eskubideen aldekoak, feministak, erraustegiaren aurkakoak… Izaera eraldatzailea duten eragile guztiek jaso dute isunen bat edo beste”. Horregatik, halako arazo komun baten aurrean, hiriko 20 bat eragilek erresistentzia bateratu bat osatzeko erabakia hartu zuten, eta hortik jaio da Piztu Donostia plataforma.
Normalizazioarekin amaitzeko beharra
Azken urteetako joeraren ondorioz, “edozer gauzagatik” isun bat jasotzeko dinamika normalizatu egin dela uste du Rodriguezek: “Baranda batean kartel bat itsasteagatik 200 euro ordainarazi dizkigute, eta kalean pankarta bat jartzeagatik, berriz, 400 euroko isuna jar diezazukete. Pixkanaka, horretara ohitzen joan gara, baina ezin dugu egiten diguten guztia onartu”. Plataformako kideen ustez, poliziaren jokabideak talka egiten du herritarren adierazpen askatasunarekin.
Ertzain zein udaltzainek, ordea, Mozal legeak eta gizabiderako udal ordenantzak eskaintzen dizkieten marko juridikoen babespean jartzen dituzte isunak, eta herritarrek ezer gutxi egin dezakete horren aurka. Izan ere, araudia ekintzaileen jarduna zigortzeko diseinaturik dagoela azaldu dute plataformako kideek. “Udal ordenantzaren 42. artikuluak espazio publikoko hainbat leku zerrendatzen ditu: fatxadak, zubiak, barandak, kale-argiak… Eta horietan guztietan izaera politikoa edo komertziala duten pankartak, kartelak, eranskailuak eta bestelakoak itsastea debekatzen du”. Etxeberriaren ustez, gauzak asko aldatzen dira, ordea, ahalmen ekonomiko handia dutenen kasuan: “Nahikoa diru badaukazu, zerga bat ordaindu eta eraikin baten fatxada osoa estali dezakezu iragarki batekin”.
Hiri-eredua eta “polizia politikoa”
Piztu Donostiako kideen ustez, protesta sozial eta politikoaren aurkako zigorren areagotzeak lotura zuzena dauka Donostiaren hiri-ereduaren bilakaerarekin: “Ez da kasualitatea 2016ko kultur hiriburutzaren ostean Donostian ‘boom’ turistiko bat egotea eta, horrekin batera, errepresioaren ‘boom’ bat ere egotea”.
Hain zuzen, isunek hiri-eredu jakin baten inposizioaren ondorioa direla ondorioztatu dute. “Hiriaren erdialdean eraiki nahi duten Donostia berri horretan ez dute erresistentziarik nahi”, adierazi du Rodriguezek, “eta hiri-ereduaren bilakaera azkartzen ari direnez, errepresioa ere handitzen joango dela aurreikusi dezakegu”.
Prozesu horretan, udaltzainek eta ertzainek “polizia politikoaren lana” egiten dutela azpimarratu dute plataformako kideek: “Batzuetan, agenteak pankarten azpitik lasaitasun osoz paseatzen ikusten ditugu, baina tarteka, goiko norbaitek agindu duelako, zuzenean jotzen dute pankartak jartzen ari direnengana”. Etxeberriaren ustez, ordea, irainik, mehatxurik eta erasorik ez duten pankartak adierazpen askatasunaren eremuan sartzen dira, eta errespetatu egin beharko lituzkete: “Pintaketa politikoak ezabatzen dituzte, baina ondoan dagoen grafitia hor uzten dute. Gustuko ez dituzten mezuak kaletik desagerraraztea da helburua, eta hori herritarron eskubideen aurka doa”.
Herritarren babeserako zirkuitua
Datorren asteko grebarekin hasita, hiriko ekintzaileek hemendik aurrera jasoko dituzten isunak bideratu eta salatzeko zirkuitu bat osatu dute plataformatik. Hiru egitura sortu dituzte horretarako.
Zirkuituaren lehen fasea isunen aurkako protokoloa da. Zigor ekonomiko bat jasotzen duten herritarrek Piztudonostia.eus webgunera jo eta hor eskura duten fitxa bete dezakete, gertatu zaienari buruzko azalpenekin.
Ondoren, fitxa hori zirkuituaren bigarren egiturara bidaliko dute, eskubideen behatokira. Fase horretan, abokatuen laguntza izango duen lantalde batek poliziek buruturiko eskubide urraketen kontrola eta jarraipena egingo du. Isunak aztertu eta bakoitzaren aurrean jarraitu daitezkeen bide komenigarrienak proposatzeaz gain, behatokia isun guztiak zerrendatu eta publikoki ikusarazteaz arduratuko da, gaiaren inguruan herritarren hausnarketa sustatzeko helburuarekin.
Azkenik, izaera politikoa duten kasuak hirugarren egitura batera bideratuko dituzte, erresistentzia kutxara, isun bakoitza modu kolektiboan ordaintzeko. Kutxa hori finantzatzeko, kontu korronte bat jarri dute herritarren eskura, eta greba egunean gutxieneko zerbitzuak eskaintzeko lan egingo duten langileei egun horri dagokion soldata ematea proposatu diete, “ahal duten moduan lagundu dezaten”. Horrez gain, datozen asteetan dirua biltzeko hainbat ekitaldi ere antolatuko dituztela azaldu dute plataformako kideek.
Legeak aldatzeko mobilizatuko dira
Egungo egoeraren berri eman eta Mozal legearen zein udal ordenantzaren indargabetzea eskatzeko, Piztu Donostiakoek hiru mobilizazio egingo dituzte urtarrilaren 30eko greba eguna igarota. Otsailaren 1ean, Antiguako elizatik Ertzaintzaren komisaldegira joango den giza kate bat egingo dute, polizia-etxean Mozal legea indargabetzeko arrazoiak biltzen dituen dokumentu bat entregatzeko. Otsailaren 16an, berriz, giza katea Pio XII.aren plazatik Udaltzaingoaren komisaldegira arte egingo dute, han udal ordenantzaren indargabetzea eskatzeko. Martxoaren 1ean, azkenik, udaletxetik Egiako epaitegira joango den manifestazio bat egingo dute, araudi errepresiboen aurkako aldarriarekin.
PIZTU DONOSTIAKEK SALATURIKO ISUNEN BI ADIBIDE
San Tomas eguneko etxola hartzea: 7.200 euro
2017ko San Tomas egunean, Askekintza talde antiespezistako kideek ekintza bat egin zuten Konstituzio plazan, Ursula izeneko txerriaren erakusketa oztopatzeko asmoz. Hamabi lagun txerriarentzat eraikitako etxolan sartu ziren, oraindik hutsik zegoenean, eta, bata besteari helduta, erresistentzia pasiboa egiteari ekin zioten. Udaltzaingoa segituan iritsi zen, eta, banan-bana, ekintzaile guztiak kanporatu zituen arrastaka. Gero, plazako izkina batean atxiki zituzten, denak identifikatzeko. Hortik hilabetera, bakoitzak 600 euroko isun bat jaso zuen; guztira, 7.200 euro.
Hiru pegatina jartzea: 400 euro
Iazko maiatzean, erraustegiaren aurkako ekintzaile batek poltsikoan zituen hiru pegatina itsatsi zituen kalean, gauez etxera bidean zihoala. Hortik metro gutxira, bat-batean agerturiko Udaltzaingoaren auto bat espaloira igo eta ondoan ipini zitzaion. Bi agente hurbildu zitzaizkion, egin zuenagatik galdezka. Antza denez, norbaitek abisua pasa zien, agenteek ez zutelako pegatinak jartzen ikusi. Hala ere, hiriko-altzarietan pegatinak jartzea debekatuta zegoela aurpegiratu zioten ekintzaileari, eta identifikatu egin zuten. Honek dioenez, bere begiekin ikusi zuen agenteek aktan hiru pegatina jarri zituela zehaztu zutela. Bada, horregatik, sei hilabete igaro zirenean, 400 euroko isun bat jaso zuen bere etxean.