"Itzulpen bat ez da inoiz bukatzen"
Donostia eta Bartzelona artean bizi da Maria Colera Intxausti (Donostia, 1972), eta duela gutxi itzuli du ‘Sorginak, emaginak eta erizainak’ liburua.
Egingo diguzu liburuaren laburpen bat?
Liburuak bi zati ditu. Lehen zatian hitzaurreak bildu ditugu: alde batetik, bigarren argitaraldiko sarrera dago; bestetik, argitaletxearen beste testutxo bat; eta Silvia Federicik propio idatzi duen hitzaurrea. Zergatik Federici? Ba, berak Caliban eta sorgina bere liburua idazteko erabili zituen abiapuntuetako bat testu hau izan zelako. Bigarren zatian testua bera dago, bi zatitan banatuta: Sorginkeria eta medikuntza Erdi Aroan, eta Emakumeak eta medikuntza profesionalaren agerpena AEBetan. Bigarren zati horretan azaltzen dute medikuntza profesionalizatzen joan ahala, emakumeak nola izan ziren kanporatuak alor horretatik. Azkenik, ondorioak bildu ditugu.
Nola izan zen liburua itzultzeko prozesua?
Nik liburu hau irakurri nuen duela hamar bat urte. Liburutegi batean aurkitu nuen ale bat, eta txikituta zegoen. Gero ikusi nuen deskatalogatuta zegoela, eta aspalditik neraman pentsatzen liburua berriro argitaratu beharko litzatekeela. Orduan, harremanetan jarri nintzen Katakrakeko Hedoi Etxarterekin, proposamena egin nien eta ondo iruditu zitzaien. Egin beharreko gestioak egin zituzten haiek, eta nik itzulpena egin nuen.
Ni interpretea eta itzultzailea naiz, eta interpretazioak daukan ona da behin interpretazioa amaituta, ez dagoela beste lanik. Itzulpen bat, aldiz, ez da inoiz bukatzen. Nire kasuan amaitzen da editoreak eskutik kentzen didanean [barrez], joera handia dudalako testuak berrikustekoa. Egia esanda, nik eta itzultzaile guztiok, ez pentsa. Euskaraz irakurtzen denean, gustatzen zait, ahal dela, irakurleak lehendabiziko kolpean irakurtzen ari dena ulertzea, eta ez ibili behar izatea atzera eta aurrera. Gustatzen zait irakurleak sentitzea euskaraz sortutako pentsamendu bat irakurtzen ari dela. Hori da nire helburua testua itzultzen dudanean.
Barbara Ehrenreichek eta Deirdre Englishek 1971. urtean idatzitako testua da. Erreferente bilakatu da, Federicik erabili du adibidez. Gaurkotasuna galdu duela uste duzu?
Nik uste dut sekulako gaurkotasuna duela liburu honek. Bereziki, medikuntza pribatizatzen ari den garai honetan. Egiten dena da zientziaren eta medikuntzaren instituzioa mitifikatu, diziplina horien merkatuaren menpe egon daitezen. Horren ondorioz, herritarren klasearen arabera erabakiko da zein eskubide izango dituzten. Horren arabera erabakiko da eskubidea duzun osasun arreta izateko, eta zer nolako arreta izango duzun. Medikuntza sistema mitifikatzeko prozesu horrek baldintzatzen du zein bizitza diren duinak eta salbagarriak, eta zeintzuk baztergarriak. Orduan, osasuna izan beharrean gizarte batek bere kide guztiei bermatzen dien eskubide bat, bihurtzen da gutxi batzuen esku bahituta dagoen merkantzia bat.
Liburua garai hartako umea da, eta idazleek garbi zeukaten zapalkuntza sexistaren eta klase zapalkuntzaren arteko lotura. Gainera, argi zuten emakumeen zapalkuntza medikuntza egiturak sortzen zuela, eta egitura osoa dela goitik behera aldatu beharrekoa. Gaurkotasun izugarria du horrek, indarkeria instituzionala klase sistema jakin bati zaio funtzionala eta beharrezkoa.
Historian zehar emakumeen jakituria eta jardunaren desjabetze bat gertatu da liburuaren arabera. Zein eragin izan du horrek emakumeon bizitzetan?
Adibidez, nik uste dut emakumeok geure gorputzarekin daukagun harreman problematikoa desjabetze horretan kokatu behar dela. Gure gaitzak normalean aintzakotzat ez hartzea ere medikuntzaren monopolio maskulinoaren ondorio bat da. Gorputza gure funtsezko habitata da, eta haren gaineko funtzionamenduaren eta osasunaren ezagutza gure baitatik kanpo egoteak gure mendekotasuna iraunarazten du. Hori problematikoa da, ez garelako izaki burujabeak.
Osasungintzan, medikuntza sistemak ez ezik, beste instituzio batzuek ere zeresana izan dute historian zehar, Elizak, esaterako. Horri buruz hitz egiten dute liburuan?
Bai, horren adibide dira, adibidez, estatua eta Eliza. Esaten dutena da emakumeek eta herri xeheak bere osasunaren gaineko kontrola bere esku edukita, ez dutela jainkoaren bitartekaritzarik behar; horrek, Elizak instituzio gisa daukan funtzioa ahuldu egiten duela uste zuten. Horregatik, Elizak gizartearen ezjakintasuna iraunarazi nahi duela aipatzen zuten testuan. Erlijio guztiak, eta instituzionalizatutakoak bereziki, zapalkuntza patriarkalaren zutabeetako bat dira.
Liburuan aipatzen da AEBetan 1830 eta 1840ko hamarkadetan sortu zen Osasunaren Aldeko Herri Mugimendua. Hemengo mugimendu feministaren barruan bada osasungintzaren eta gorputzaren autogestiorako lanean ari denik. Zeintzuk izan daitezke, zure ustez, osasun arloan ahaldundu, eta galdutakoa berreskuratzeko moduak?
Niri iruditzen zait alternatiba txikiak oso garrantzitsuak direla, baina denontzako alternatiba handiaren bila borrokatzea dela emakume guztiontzako eta gizarte osoarentzako soluzio bakarra, alegia, osasun sistema publiko, doako, unibertsal, ez-merkantilizatu bat. Askotan gertatzen da, adibidez, medikuntza alternatiboarekin, ez direla unibertsalak; hau da, gutxi batzuek dute horietara heltzeko aukera. Denontzako bizitza duin eta bizigarrien alde borrokatu behar dugu, eta, horretarako, sistema goitik behera aldatu behar da.
Zer suposatzen du zuretzat eduki feminista duten liburuak itzultzea? Aldea dago besteekin?
Ni profesionala naiz, eta saiatzen naiz egiten itzulpen guztiak ahalik eta ongien, baina, batzuekin lotura emozionala daukat. Testu guztietan ahalegin guztiak egiten ditut, eta prozesua berdina da, baina ni askoz gehiago asebetetzen nau Ehrenreichen, Woolfen edo Mari Luz Estebanen liburuak itzultzea, tiradera batean geldituko diren testuak baino. Artea ere asko itzultzen dut, eta hori ere asko gustatzen zait. Gainera, eskatzen dizu halako soinketa intelektual bat. Halako testuak itzultzen asko ikasten da.
Testu feministak direnean, niretzat ekarpen txiki bat egitea bezala da. Nik jakituria batzuk ditut, ingelesa eta katalana adibidez ondo menderatzen ditut, eta euskal feministei hori eskura jartzeak, eta alderantziz, asko asebetetzen nau.
Azkenaldian euskaraz sortutako argitalpen feminista ugari ari dira plazara ateratzen, esaterako, Lisipe sorta eta Eskafandra.
Bai, hala da. Sekulako aldea nabaritu dut duela urte batzuk zegoenarekin. Gainera, oso itzulpen onak egiten ari dira, eta potentzia handiko testuak itzultzen ari dira. Oso pozik egoteko moduan gaude. Nabarmentzekoa da euskarara liburu horiek itzultzeaz gain, euskaraz sortutako testu asko ere beste hizkuntza batzuetara itzultzen ari direla. Euskaratik feminismora ekarpena egiten ari gara, eta hori garrantzitsua iruditzen zait.
‘SORGINAK, EMAGINAK ETA ERIZAINAK’
Egileak. Barbara Ehrenreich eta Deidre English.
Itzulpena. Maria Colera Intxausti.
Hitzaurrea. Silvia Federici.
Argitaletxea. Katakrak liburuak.
Orrialdeak. 112.
Prezioa. 10 euro.