Lau pertsona atxilotu dituzte Irurtzunen, San Sebastian egunean Donostian lapurtutako 53 telefono mugikor gainean zeramatzatela
Nafarroako Foruzaingoak hiru gizon eta emakume bat atxilotu ditu Irurtzunen, San Sebastian egunean Donostian telefono mugikorrak lapurtu izana egotzita. Poliziak azaldu duenez, San Sebastian egunean bere mugikorraren lapurreta jasan zuen pertsona batek astelehenean Ertzaintzari jakinarazi zion bere mugikorraren geolokalizatzaileak Irurtzungo hotel batean kokatzen zuela mugikorra, tablet batean sinkronizatuta baitzeukan geolokalizatzailea. Ertzaintzak Nafarroako Foruzaingoari helarazi zion abisua, eta patruila bat hara abiatu zen Altsasuko komisariatik. Hotelean zeuden lau pertsonei adierazpenak hartu zizkieten, eta egin zieten miaketan hiru mugikor eta 766,54 euro topatu zizkieten. Hori dela eta, lauak atxilotu zituzten eta Iruñeako komisariara eramateari ekin zioten. Ondoren, euren autoaren miaketan, abisua eman zuen biktimaren mugikorra aurkitu zuten poliziek, eta hoteleko gelan ezkutatutako motxila batean beste 49 mugikor topatu zituzten.
Atxilotutako lau pertsonak 21 eta 30 urte artekoak dira, eta hainbat polizia aurrekari dituzte antzeko delituengatik, gehienak Bartzelonan egindakoak. Era berean, lauei pasaportea kendu dietela azaldu du Nafarroako Foruzaingoak, kolonbiarrak baitira izatez, eta Espainiatik kanporatuak izateko espedienteak dituzte. Bestalde, horietako bati dokumentazioa faltsutu izanaren delitua ere egotzi diote, Kolonbiako gidabaimen faltsu bat zeukalako.
Nafarroako Foruzaingoa gainontzeko mugikorren jabeekin harremanetan jartzen ari da, eta hamaika kasutan jada salaketa jarrita zegoen Udaltzaingoan edo Ertzaintzan, lapurretak San Sebastian egunean Parte Zaharrean kokatuz. Era berean, telefono mugikorretako geolokalizazioa aktibatzeko gomendioa zabaldu du poliziak, lapurreta baten kasuan informazio baliotsua helarazten baitu tresna horrek.