Benta Berriko 510 familia, Blackstone funts putrearen aurka
Alokairu plataformak ‘Gure auzoa salba dezagun!’ izeneko bideoa argitaratu du, Benta Berriko 510 familiak euren etxebizitza eskubidea defendatzeko egiten ari diren borroka islatzeko.
Bideoan azaltzen dutenez, 1994an, Eusko Jaurlaritzak, lur eremuaren jabetza Benta Berri izeneko aldi baterako enpresa-elkarteari (ABEE) eman zion, hor babes ofizialeko 540 etxebizitza eraiki zitzan. 2018an, ordea, etxebizitza horiek Blackstone izeneko funts putrearen eskuetara pasa ziren, eta, geroztik, familia hauen etorkizuna ezbaian dago. Izan ere, 2028an, babes ofizialeko etxebizitzen kontzesioa iraungi egingo da, eta hor bizi diren pertsonak kaleratze arriskuan utziz. Horregatik, familientzat irtenbide bat topatze aldera, bitartekotza bat egin dezala eskatu dio Alokairuk Eusko Jaurlaritzari.