Gregorio Ordoñezen memoria bizirik mantenduko du hiriak
Donostiako Udalak PPko zinegotzi izandako Gregorio Ordoñez politikaria omendu du bere hilketaren 25. urteurrenaren harira. Jendez beteriko ekitaldian, Ordoñezen oroimenezko plaka jarri dute Abuztuaren 31 kalean, La Cepa jatetxearen aurrean. Hor bazkaltzen ari zela hil zuen ETAk, tiroz, 1995eko urtarrilaren 23an.
25 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez udaleko zinegotzia hil zuenetik. Gaur, Donostiako Udalak bere oroimenezko plaka bat ipini du Parte Zaharreko Abuztuaren 31 kalean, Ana Iribar bere emaztearen eta Consuelo Ordoñez bere arrebaren begiradapean. Jendez inguraturik, lore-eskaintza egin diote Ordoñezi, zirraraz beteriko ekitaldian.
Ordezkari politiko ugari joan dira Ordoñezi eta bere senideei errespetua agertzera, baita udaleko zinegotziak ere, EH Bilduko kideak izan ezik. Izan ere, alderdi abertzaleko ordezkariek ez dute ekitaldian parte hartu, familiak espresuki eginiko eskaria beteaz.
Minutuko isilunea egin ostean, herritarrak banan bana pasa dira Ordoñezen plaka agurtu eta loreak uztera, udal txistulari bandak jotzen zuen bitartean. Besarkada eta malkoen ostean, ekitaldia txaloen artean amaitu dute hor bildutakoek.
Hedabideei eginiko adierazpenetan, gaurko egunean bizitako zirrara guztia helarazi nahi izan du Iribarrek. Ordoñezen plaka ETAren biktima guztientzako omenaldi bat dela azpimarratuz, gaurkoa “ahaztezina” izango dela nabarmendu du, “herritarrek oraindik Gregorio bihotzean daramatela erakutsi duelako”.
Eneko Goiak, bere partetik, adierazi du Ordoñezen erailketa “hiri honen historia garaikidea markatu duen gertakari bat izan zela”, eta halakoak gogoratzea ona dela azpimarratu du, “zer gertatu zen jakiteko eta gertatzerik nahi ez duguna ere garbi izateko” balio duelako.