Urtarrilaren 30eko mobilizazioen berri eman du Donostiako greba batzordeak
Urtarrilaren 30eko greba orokorrari begira sorturiko Donostiako greba batzordeak agerraldia egin du Tabakaleran, lanuzterako dituzten arrazoiak azaldu eta egun horretan hirian egingo diren mobilizazioen berri emateko. Gero, prentsaurrekoa amaituta, bizikleta martxa egin dute, euren aldarri nagusiak hiriko gune jakinetara eramateko.
Azaldu dutenez, greba egun osoan zehar egongo dira mobilizazioak. Goizean goizetik hasita, Martuteneko poligonoan elkartuko dira, 7:00etan, eta baita Errotaburu eta Miramongo industria guneetan ere, 8:00etan. Gero, hiriko erdigunea ixteko kale birak abiatuko dituzte, 9:30ean, Askatasunaren hiribidetik eta Pio XII.aren plazatik.
Eguerdian, berriz, manifestazio nagusia egingo dute Artzain Onaren katedraletik Bulebarrera, 12:30ean hasita. Aurretik, ordea, hiru zutabe aterako dira Antiguatik, Saguesetik eta Anoeta estadiotik, 11:45ean.
Eguneko bigarren manifestazioa arratsaldean egingo dute, 18:30ean, Bulebarretik abiatuta, eta, goizeko mobilizazioan bezala, auzoetatik hainbat zutabe irtengo dira lehenago. Izan ere, egun osoan zehar, hiriko auzoetan beste hainbat egitasmo antolatuko dira, hala nola gosari herrikoiak, kale birak, grebalarientzako arnasguneak, bazkari kolektiboak eta zaintza gune kolektiboak.
Greba egunari loturiko beste hainbat ohar
Mugimendu feministaren deialdia jarraituz, greba egin ezin duten emakumeek protestarekiko atxikimendua irudikatzeko besoko moreak erabiltzeko deia egin dute greba batzordetik, eta zaintza greba egingo dela kontuan hartuta, zaintza lanak modu kolektiboan antolatzeko beharra ere azpimarratu dute.
Gainera, urtarrilaren 30ekoa kontsumo greba ere izango dela gogoratu dute: “Ez dugu inon ezer kontsumituko, ez ditugu zerbitzu minimoak ere erabiliko, sistema bere osotasunean gelditzera goazelako, eta kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa egiteko baliatu nahi dugulako parada hau”.
Lan baldintza, pentsio eta bizitza duinen alde
Greba deialdiarekin, gobernu eta patronalei lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatzea eskatzen dutela azaldu dute batzordeko kideek: “Eskumenik ez dutela diotenean, borondate politiko falta ezkutatzeko aitzakia besterik ez da”.
Donostiako Gutun Sozialaren greba batzordea sindikatuek (ELA-LAB-ESK-SETEE) eta hainbat eragile sozialek osatu dute: Bizilagunekin plataforma, Ongi etorri errefuxiatuak, Ernai, Sos Arrazakeria, Erraustegiaren aurkako mugimendua, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua, mugimendu feminista, auzoetako greba batzordeak…