Donostia prest dago bigarren Euskaraldirako
2020ko Euskaraldiak arreta berezia jarriko du hiriko entitateengan, eta horietan euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko duten espazioak sortuko ditu: 'Ariguneak'.
Donostiako Udalak eta Bagera elkarteak 2020ko Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia egin dute Tabakaleran, 2018ko egitasmoan bidelagun izan zituzten hiriko entitateek laguntzarekin. Aurtengo Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo dute, Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean, eta berritasun nabarmen bat izango du.
Izan ere, joan den urtean erabilitako Ahobizi eta Belarriprest rolez gain, Euskaraldi berriak entitateengan pentsatuz sorturiko kontzeptu berri bat ekarriko du: Arigunea. Ekarpen honen helburua euskaraz eroso hitz egiteko aukera emango duten espazioak sortzea da, eta kanpora zein barrura begirako izaera izango du.
Barne Ariguneak entitate barruko funtzionamenduari begira sortuko dira, eta bi baldintza bete beharko ditu: kide guztiek euskara ulertzea eta horietako %80 sorrerarekin ados egotea. Kanpo Ariguneak, berriz, herritarrei zerbitzua eskaintzen dieten entitateentzat pentsatu dira, eta bezeroek euskaraz hitz egiteko aukera bermatua izan dezatela bilatuko du, entitateko kideak Ahobizi edo Belarriprest direla ziurtatuz.
Entitateen lana izango da bere egituran sor daitezkeen Ariguneak identifikatu, sustatu, aktibatu eta babestea. Euskaraldian parte hartu nahi duen edozein entitatek uztailera bitarte eman ahal izango du izena Euskaraldia.eus atarian.
Goizeko aurkezpen ekitaldian, esperimentu soziolinguistikoan jada izena eman duten eta Ariguneak sortuko dituzten sei entitate izan dira: Amara Berri auzo elkartea, Aquariuma, Arantzazuko Ama Ikastola, Kutxa Fundazioa, Plazara Goaz Intxaurrondoko euskara batzordea eta Reala.
Agerraldian, Eneko Goia alkateak aurreko Euskaraldiak hirian izandako arrakasta gogoratu du eta, datorrenari begira, Donostiak beste behin “euskararen hiria” dela erakutsiko duela nabarmendu du. Udalari dagokionez, gaineratu du jada lanean hasi direla, eta Donostiak udalerri moduan parte hartzeko izena eman duela esateaz gain, udalak laster erakunde modura ere izena emango duela iragarri du: “Gizartearen aurrean erreferente izaten jarraitu nahi dugu”.
Maddi Juanikorena Bagerako kideak, bere partetik, hurrengo Euskaraldian “urrats bat gehiago” emango dela zehaztu du, taldeko harremanetan eragiteko izango duen helburua azpimarratuz.
Intxaurrondon aitzindari izan dira
Entitateetako ordezkarien hitzartzeen ostean, Intxaurrondoko Plazara Goaz! elkarteko Marian Astigarragak auzoan garatu duten Nitik harago, baietz 11 Intxaurrondon! ekimena ekarri du gogora. Izan ere, 2019ko azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitarte, auzotarrek Euskaraldi berriaren probaldia egin zuten, Aguraingo herritarrekin batera.
Astigarragak nabarmendu duenez, Intxaurrondon “aitzindariak” izan dira, haiek eginiko ariketa gero Euskal Herri osora zabalduko delako: “Probaldi honek erakutsi digu entitateetan egingo den ariketa baliagarria dela elkarrekin hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera handitzeko pausoak emateko”. Auzoko ekimenean, guztira hamasei entitatek hartu dute parte, 400 Ahobiziren eta Belarripresten laguntzarekin, 70 bat Arigune sortuz.