Ernesto Gascok udala utziko du
PSE-EEren bozeramaileak Donostiako Udala utziko du, Diario Vasco egunkariak jakinarazi duenez. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak haurren pobreziaren aurkako goi mandatari izendatuko duela gaineratu du hedabideak. Bihar egingo du ofizial izendapena Ministroen Kontseiluak. Gobernuaren presidentzia egituraren barruan dago goi kargu hori.
Gascok aste honetan egingo die uko udalean dituen ardurei. Behin zinegotzi izateari utzita, eta bere ordezkoa Cristina Lage izango da. Iazko udal hauteskundeetan seigarren postuan aurkeztu zen independente gisara. Aldiz, argitzeko dago zeinek hartuko duen bozeramailetza ardura sozialisten udal taldean.
Ibilbide luzea
Zinegotzi gisa 22 urte egin ditu Gascok udalean. Hain zuzen, 1995etik da Donostiako zinegotzia. 1999, 2003, 2007, 2011, 2015 eta 2015eko udal hauteskundeetan parte hartu zuen. Odon Elorza alkatearen aroan (1991-2011 urte bitartean), hainbat ardura izan zituen udal gobernuan. 2011ean Bilduk udal hauteskundeak irabaztean, sozialisten oposizioko bozeramailea izan zen.
2015ean, berriz, EAJk hauteskundeak irabazi ostean, udal gobernura itzuli zen, jeltzale eta sozialisten arteko gobernu akordioari esker. Alkateorde, Garapen Ekonoikoko, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzia izan zen 2015 eta 2019 urte bitartean. Azkenik, iazko udal hauteskundeetan PSE-EEk emaitza txarrak izan arren –hirugarren indar bozkatuena izan zen–, Gascok udal gobernuan jarraitzea lortu zuen jeltzale eta sozialisten gobernu akordioa berretsi ostean. Garapen Ekonomikoko, Enpleguko eta Turismo Sostengagarriko zinegotzi izendatu zuten, bigarren alkateorde karguarekin batera.
Bestalde, 2008ko Espainiako hauteskunde orokorretan diputatu izendatu zuten. 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorioz osaturiko PSE-EEko gobernuan, garraioetarako kontseilariorde izendatu zuten. Gobernu aldaketarekin bere kargutik kendu zuten.