Hamaikagarren Goya saria eskuratu du Alberto Iglesiasek
Donostiarrek presentzia berezia izan zuten Goya sarietan. Larunbat gaueko galan hainbat ziren hautagaitza zutenak, eta horietatik, bakarrak eskuratu zuen oroigarria. Hain zuzen, Alberto Iglesias musikari donostiarrak bere 11. Goya saria jaso zuen Pedro Almodovarren Dolor y Gloria filmarentzat egindako musikarengatik.
Hamabost izendapen lortu arren, La trinchera infinita filmak soilik bi Goya sari eskuratu zituen. Jon Garaño donostiarrak, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarekin batera zuzenduriko filmak, emakumezko aktore onenaren eta soinu onenaren sariak eskuratu zituen. Belen Cuestak jaso zuen lehena, eta Alazne Ameztoi, Iñaki Diez, Xanti Salvador eta Nacho Royo-Villanova laukoteak bigarrena. Moriarti ekoiztetxeko filmak gidoi onenaren eta zuzendaritza onenaren sariak, eta Irizar saria eskuratu zituen Donostiako Zinemaldian. Era berean, Feroz sariak eta Fipresci saria ere jaso zituen.
Zuzendar berri onenaren sarirako hautagaien artean zegoen Aritz Moreno donostiarra, Ventajas de viajar en tren filmarengatik. Ordea, Belen Funesek zuzenduriko La hija de un ladron pelikulak eskuratu zuen saria.