Ramon Diaz omendu dute, duela 19 urte ETAk Loiolan hildako itsas komandantziako sukaldaria
19 urte bete ziren atzo, hilaren 26an, ETAk Ramon Diaz Loiolako bizilaguna eta itsas komandantziako sukaldaria hil zuenetik. Urteroko legez, omenaldia egin zioten Diazi auzoan, eta han izan ziren Eneko Goia alkatea, Aitziber San Roman eta Mariaje Idoeta EAJren zinegotziak, Miguel Angel Diez PSE-EEren zinegotzia, eta Reyes Carrere eta Garbiñe Alkiza EH Bilduren zinegotziak.
Salamancakoa izatez, Loiolako bizilaguna zen Diaz hil zutenean, eta Donostiako itsas komandantzian lan egiten zuen sukaldari gisa. Talde armatuak lehergailu bat jarri zion bere autoaren azpian, eta bere lanera abiatu zenean lehertu zen. Diazen heriotzaz gain, inguruan zeuden bost pertsona zauritu zituen eztandak.