Realari ez zaio golak egiteko gaitasunik falta
Willian Jose gabe ere, Realeko mutilek golak egiteko gaitasun handia dutela erakutsi dute Mallorcaren aurka. Aurrelari brasildarraren etorkizuna argitzen den bitartean, bere taldekideek goranzko bideari jarraitzea erabaki dute, etxean garaipen berri eta sendo bat lortuz. Bigarren zati bikain bat eginda, Isak, Barrenetxea eta Porturen golek partida biribildu eta Reala Europako postuetan kokatu dute sailkapenean.
Neskei dagokienez, jardunaldia ez da txarra izan, Gonzalo Arconadaren taldeak, etxetik urrun eta zaila den zelai batean, berdintzea lortu zuelako.
Eskubaloian, Bera Berak balio handiko berdinketa lortu zuen Atletico Guardesen aurka, bigarren sailkatua zenarekiko duen distantzia mantendu eta bere burua lehen postuan finkatzeko.
Izotz hockeyan ere gauzak ondo joan zaizkie donostiarrei, Puigcerdaren kontra lorturiko garaipenarekin, Txuri Urdinek sailkapeneko bigarren postua oso eskura utzi duelako, bi jardunaldi barru hasiko den play-offa iristear dagoela.
Saskibaloian, azkenik, Ibaeta Basketek ezin izan zuen gauza handirik egin Lugon, Ensinoren aurka, eta azken postuetatik urruntzen jarraitzeko premia handiagotu egin zaio Azu Muguruzaren taldeari.
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 18. jardunaldia
- Betis 1 – 1 Reala
Gizonezkoen lehen maila, 21. jardunaldia
- Reala 3 – 0 Mallorca
ESKUBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Atletico Guardes 23 – 23 Bera Bera
IZOTZ HOCKEYA
Gizonezkoen senior maila, 18. jardunaldia
- Txuri Urdin 4 – 1 Puigcerda
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 18. jardunaldia
- Ensino 70 – 61 Ibaeta Basket