Furgoneta berri bat erosteko diru bilketa hogei egunetan osatu du Zaporeakek
Lesboseko Moria errefuxiatu kanpamentuan (Grezia) janaria banatzen duen Zaporeak proiektuak diru bilketa bat abiatu zuen urtarrilaren 7an, irlan bere lana egiten jarraitzeko beharrezkoa duen furgoneta bat erosteko. Gipuzkoa Solidarioa Kutxa fundazioarekin batera abiatutako kanpainan, hiru hilabeteko epean 40.000 euro biltzeko helburua ezarri zuten. Bada, diru bilketa abiatu zutenetik soilik hogei egun pasa direnean, kopuru hori bete eta baita pasa ere egin dutela iragarri berri dute Zaporeakeko kideek.
Gauzak horrela, elkartetik esker onak helarazi dizkiete euren ekarpenekin lagundu duten herritarrei: “Euskal gizartearen babesa eta engaiamendua handia izan da eta eskuzabaltasuna agerian geratu da. Askotariko ekarpenak egin dira, handiak, ertainak zein txikiak; norbanakoak eginda nahiz enpresa eta kooperatibek. Guztiei eskerrik asko”.
Zaporeakek azaldu duenez, jasotako diruarekin furgoneta berria erosi ahal izango dute, eta orain arte ibilgailuen alokairuan gastatzen zutena pertsona errefuxiatuei jaten ematen baliatuko dute. Hala ere, haien eguneroko lanak babes handia izaten jarraitzen duela azpimarratu dute, eta proiektua laguntzen jarraitzeko, bi kontu korronte jarri dituzte herritarren eskura: KUTXABANK: ES32 2095 5011 80 9115250322 eta LABORAL KUTXA: ES71 3035 0103 88 1030035880
Gainera, Zaporeakekin maila aktiboan elkarlanean aritu nahi duten herritarrei elkartearekin harremanetan jartzeko gonbitea egin diete, 688676600 telefono zenbakira deituta edo komunikazioa@zaporeak.eus helbidera idatziz.
Laster furgoneta berria izango dugu Lesbosen kozinatzen ditugun otorduen banaketarako.
— Zaporeak (@ProyectoSabores) January 28, 2020
Ikaragarria izan da, euskal gizartearen babesa eta engaiamendua. Ez dugu beste hitzik:
ESKERRIK ASKO!!!!!! #soserrefuxiatuak #janariduina #gizaeskubideak @gipsolidarioa pic.twitter.com/fQntnzQzw9