Greba egunean isunak jasotzen dituzten pertsonentzako erresistentzia kutxa antolatu du Piztu Donostiak
Piztu Donostia plataformak erresistentzia kutxa bat antolatu du urtarrilaren 30eko grebari begira, ostegunean zehar isunak jasotzen dituzten herritarrei laguntzeko. Horrela, greba egunean identifikatuak diren pertsonek zein isunak jasotzen dituztenek, plataformaren webguneko inprimakia bete dezakete, eskubideen behatokiaren eta aipatu kutxaren laguntza izateko. 681-04-00-78 telefono zenbakira deituz edo behatokia@piztudonostia.eus helbidera idatziz ere eskatu daiteke laguntza hori.
Eskubideen behatokian, abokatuen laguntza izango duen lantalde batek poliziek buruturiko eskubide urraketen kontrola eta jarraipena egingo du. Isunak aztertu eta bakoitzaren aurrean jarraitu daitezkeen bide komenigarrienak proposatzeaz gain, behatokia isun guztiak zerrendatu eta publikoki ikusarazteaz arduratuko da, gaiaren inguruan herritarren hausnarketa sustatzeko helburuarekin.
Erresistentzia kutxari dagokionez, izaera politikoa duten kasuetara zuzenduta dago, eta isunak modu kolektiboan ordaintzeko baliatuko dute. Kutxa hori finantzatzeko, kontu korronte bat jarri dute herritarren eskura, eta greba egunean gutxieneko zerbitzuak eskaintzeko lan egingo duten langileei egun horri dagokion soldata ematea proposatu diete, “ahal duten moduan lagundu dezaten”. Horrez gain, datozen asteetan dirua biltzeko hainbat ekitaldi ere antolatuko dituztela azaldu dute plataformako kideek.
Grebatik harago
Urtarrilaren 30eko greba orokorraren ondoren, Piztu Donostia plataformakoek beste mobilizazio batzuk iragarri dituzte. Alde batetik, giza-katea egingo dute otsailaren 1ean, 12:30ean, Antiguako elizatik Ertzaintzaren komisariara, Grebaren ostean ere Mozal Legea pikutara lelopean. Otsailaren 16an, 12:00etan, beste giza-kate bat egingo dute, Pio XII.aren plazatik Udaltzaingora oraingoan, Mozal Ordenantzari ez lelopean. Azkenik, manifestazioa egingo dute martxoaren 1ean, 19:00etan, udaletxe aurretik Egiako epaitegietara, Mozal Hiriari ez, Piztu Donostia! lelopean.