'Ikimilikiliklik' antzezlana egingo dute asteburuan Viktoria Eugenia antzokian
Marie de Jongh antzerki konpainiaren Ikimilikiliklik antzezlana ikusgai egongo da igandean, otsailaren 2an, Viktoria Eugenia antzokian, 17:30ean, 4, 7 eta 10 euroko sarrerekin. Familia eta haurrei zuzendutako ikuskizuna da, eta urtarrilaren 21ean eta 22an Bilboko Arriaga antzokian estreinatu ondoren, publikoaren eta kritikaren harrera beroarekin heldu da obra Donostiara, bira luze bat abiatu aurretik. Marie de Jongh konpainiak Espainiako Antzerki Familiarreko saria jaso zuen 2018an, eta hitzaren erabilera da Ikimilikiliklik obraren berritasun nagusia, orain arte keinu antzerkia eta maskaren erabilera baitziren nagusi konpainian.
Jokin Oregi da antzezlanaren egilea eta zuzendaria, eta aktoreak Ana Meabe, Aiora Sedano, Juana Palacios, Leire Omeñaca eta Maitane Sarralde dira. Bestalde, honakoa da obraren sinopsia: Ekhi, umetan, hamaika arrazoigatik beldurtzen zen, baina baziren bi gauza guztien gainetik beldur izugarria eragiten ziotenak: norbait babesgabe dagoela ikusteak eta Sorginek, mendi tontor bateko etxola zaharkitu batean bizi ziren emakume bakarti eta maltzurrek. Ekhi, maite zuen armiarmatxoa salbatzeagatik, beldur ugari gainditzen joan zen. Hala kontatzen digu Ekhik berak, urteek aurrera egin ahala “sorgin” bihurtu den emakume edadetuak.