Mugimendu feministak hainbat deialdi egin ditu greba egunerako
Osteguneko greba orokorraren atarian, Donostiako eragile feministak egunean zehar egingo dituzten mobilizazioen berri ematen hasi dira. Donostiako Asanblada Feministak, esaterako, bloke feministaren bi hitzorduren berri eman du, bata eguerdirako eta bestea arratsalderako.
Lehenengo deialdiari dagokionez, 12:20ean Koldo Mitxelena Kulturunearen aurrean elkartuko dira, Artzain Onaren katedraletik 12:30ean abiatuko den manifestazioarekin bat egiteko. Arratsaldean, berriz, udaletxearen atzeko aldean dagoen Goikoa jauregiaren alboan bilduko dira, 18:15ean, ordu laurden beranduago Bulebarretik aterako den manifestaziora batzeko.
Era berean, egunean zeharreko mobilizazioetan parte hartuko duten kide feministei besoko morea eta banderolak eramateko deia egin diete.
Komite Antierrepresibo Transfeministak, bere partetik, elkarretaratze bat egingo du Martuteneko kartzelaren aurrean, 14:30ean, Espetxeak apurtu lelopean. Jakinarazi dutenez, ondoren espetxearen parean bazkalduko dute, bakoitzak etxetik ekarritako janariarekin.