Amara Berriko kaldereroek hogei urte bete dituzte
Larunbatean, otsailaren 1ean, kalera aterako dira hogeigarren urtez Amara Berriko kaldereroak. Armeria plazan hasiko dute ibilbidea, 17:30ean, eta han bertan egingo diete harrera Juantxo Urola erreginari, eta Paulino Boillos eta Angel Gonzalez damei. Konpartsaren burua izango da Jose Ignacio Aizpitarte, eta Jose Angel Zubillagak lagunduko dio. Beste funtzio batzuk ere beteko dituzte konpartsako hainbat kidek: ingudearen arduraduna izango da Fernando Otxoa, Jesus Ausejo mozorrotuko da hartzez, eta Luis Viera izango da bere hezlea. Halaber, Raimundo Sarriegiren doinuak joko ditu Sastakai txarangak.
Konpartsa 90 pertsona helduk eta 20 haurrek osatuko dute, eta Armeria plazatik Isabel II.aren hiribidera joango dira. Ondoren, Irun plazatik igaroko dira, eta Bartzelona hiribidetik Loiolako Erriberara sartuko dira. Han askaria egingo dute eta Euskal Kortsarioen kaletik Arcco merkatal gunera sartuko dira. Gero, Irun plazatik, Felipe IV.aren kaletik eta Isabel II.aren kaletik igaroko dira. 20:00etan Ferrerias plazara iritsiko dira, kanpalekua muntatzeko; han, erreginak ohiko diskurtsoa irakurriko die auzotarrei.
Urte berezia da Amara Berrikoentzat, izan ere, hogei urte beteko ditu konpartsak. 2000an atera ziren lehen aldiz, eta lehen partaideei omenaldia egingo diete. Kaldereroek txapa berezi bat eramango dute jantzita, urteurrenaren harira, eta jaiaren amaieran topa egingo dute, ospatzeko. Jakinarazi dute Maite tabernak salda eta txokolatea eskainiko diela konpartsako kideei.