«Borroka egiten jarraituko dugu»
Etxeko langileak izandakoak dira Tatiana Bellorin (Nikaragua, 1988) eta Marling Castillo (Nikaragua, 1976). Gaur egun, SOS Arrazakeria elkartean egiten dute lan, sektoreko langileei lan-aholkularitza eskaintzen. Atzo, kalera atera ziren euren kideekin batera.
Marling Castillo eta Tatiana Bellorin, SOS Arrazakeria elkarteko etxeko langileen taldeko kideak. (Argazkia: Irati Salsamendi) Nola egin zenuten atzo greba?
Marling Castillo (M.C.): Greba orokorrarekin bat egin zuten pertsona askok: pentsiodunek, erresidentzietako langileek, eta abar. Guk, etxeko langileen talde gisa, grebarekin bat egin genuen, gure presentziarekin. Hala ere, hasieran zabaldu zen komunikatuan ez zen gure izena agertu, prestaketa bileretan egon arren; alboratuak sentitu ginen. Nire ustez, horrek erakusten du oraindik ez daukagula ikusgarritasunik zenbait erakundetan, ezta gizartean ere. Era berean, erakusten du gure sektorea zaurgarria dela, eta ez dela kontuan hartzen.
Egiten dugun lanaren garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa da, egunero ari gara herritar nagusiak zaintzen, eta Euskadin, biztanleria gero eta zaharragoa da.
Nabarmendu behar da gure sektorean ez dela erraza greba egitea. Atzo, langile askok ezin izan zuten kalera atera, egiten duten lan motaren presioagatik. Ezin izan zuten zaintzen dituzten pertsonak zaintzeari utzi, ez delako fabrika bateko produkzioa gelditzea bezala. Gainera, asko egoera irregularrean daude, eta ondorioak oso latzak izan daitezke. Bat egin zuten grebarekin, baina ezin izan zituzten euren lan-postuak utzi. Haien presentzia irudikatzeko, joan den greba feministan egin genuen bezala, kartoizko silueta batzuk eraman genituen kaleetara.
Zeintzuk dira etxeko langileek greban egindako aldarrikapenak?
M.C.: Aldarrikapen ugari ditugu: soldata duinak izateko eskubidea, bizi dugun esplotazio egoeraren amaiera, migratzaile izate hutsagatik gehiegikeriari ez pairatzea, eta abar. Azken finean, hona etortzen gara lana egiteko helburuarekin, baina gure lana ez da baloratzen, eta esplotazio egoerak bizi ditugu. Esaterako, astean 40 orduko kontratuak egiten dizkigute, baina ez dira errespetatzen, eta egiten ditugun gainerako orduak ez dizkigute ordaintzen legeak zehazten duen bezala.
Era berean, hitzarmen duin baten alde egin genuen greba, izan ere, ez daukagu horrelakorik. Gaur egun gure jarduna erregulatzen duten legeek ez dizkigute lan baldintza duinak bermatzen.
Tatiana Castillo (T.C.): Gure sektorearen jarduna erregimen orokorrean sartzeko borrokatzen ari gara, egun zatika dagoelako erregulatuta. Kotizazio maila oso baxuak ditugu, kasu askotan lanbidearteko gutxiengo soldatatik behera, eta, hortaz, dagozkigun pentsioak ere oso baxuak dira. Gainera, ez daukagu langabezia-prestazioa kobratzeko eskubiderik.
Zaintza lanek lan-munduko sektore asko hartzen ditu, eta, esaterako, erresidentzietako langileek, beste erregulazio maila bat dute: euren hitzarmen propioak dituzte, eta sindikatuak dituzte. Gure kolektiboak, aldiz, gutxieneko horiek lortzeko borrokatzen du, baita ikusgarritasuna lortzeko ere. Esaten den bezala, aurpegirik gabeko mila beso gara.
Emakumeak eta migratzaileak zarete. Zein ondorio du horrek?
M.C.: Emakume asko hona etortzen dira eta euren jatorrizko herrian uzten dute euren familia. Askotan oso bakarrik sentitzen dira, ez daukatelako inor hemen. Psikologikoki asko sufritzen dute, eta gaixotu egiten dira. Duela gutxi Bilbon neska bat hil zen bihotzekoak emanda, bizi zuen egoera prekarioa eta gogorragatik.
Gure lana egiteko dugun exijentzia maila oso altua da; pertsona bat zaintzeaz gain, etxe batean lan egiteko denetik egiten jakin behar dugu: janaria prestatu, erizain lanak egin, eta abar. Pertsonak zaintzea oso lan konplexua da, esaterako, ez da gauza bera alzheimerra edo parkinsona daukan pertsona bat zaintzea. Zaintzaile gisa kontratatzen gaituzte, baina askotan neskame lanak egiten ditugu. Hala ere, kontratatzen gaituztenek eta gizarteko pertsona askok, ez dute lan gisa aitortzen. Zaintza lanen aitortza egitea beharrezkoa da oraindik.
T.C.: Bi arrazoirengatik pairatzen dugu bazterkeria, eta horrek gure lanean eta egunerokoan dauka eragina. Zaurgarritasun egoeran uzten gaitu. Adibidez, gaur egun Eusko Jaurlaritzak formazio sozio-sanitarioa izatea exijitzen digu, baina familia askok ez dizkigute hori egin ahal izateko aukerak ematen. Gure kide askori soldatatik zati bat kentzen diote ikastaroa egitera joateagatik, formazioari eskainitako denbora berreskuratzera behartzen dituzte, edo kaleratu egiten dituzte. Formazioa eta hobekuntza sustatu beharko lukete, hain zuzen, bi aldeentzat delako positiboa.
Zein ondorio izango ditu greba orokor honek?
M.C.: Greba egitea presio soziala egitea da, eta horrek beti dauka nolabaiteko eragina. Adibidez, gutxieneko soldataren gaia pil-pilean dago orain, eta aurretik, igotzea lortu izan da. Baina hori ez da izan gobernuko presidenteari eta bere aliatuei sudur puntan jarri zaielako, presio soziala egon delako eta jendea kalera atera delako izan da. Agian ez da epe laburrean izango, baina nik uste dut greba honek aldaketak eragingo dituela epe luzera. Dudan perspektiba da etxeko langileen sektoreak euskal gizartean duen ikusgarritasuna handitzea.
T.C.: Greba orokorra pasata, existitzen garela aldarrikatzen eta borroka egiten jarraituko dugu.


