«Borrokatzen ez badugu, etorkizuna beltza izango da»
Alderdi Ederreko pentsiodunen asanbladako kidea da Maria Serrano Mitxelena (Añorga, 1950). Pentsiodunek bi urte daramatzate borrokan, pentsio duinak aldarrikatzen, eta bat egin dute greba orokorrarekin.
Maria Serrano Mitxelena, Alderdi Ederreko pentsiodunen asanbladako kidea. (Argazkia: Irati Salsamendi) Nola egin duzu greba?
Nire kezka nagusia zen goizean pentsiodunek deitu genuen manifestazioa ondo ateratzea. Oso adi ibili nintzen, hori horrela izateko. Hamabietan atera zen martxa, eta manifestazioaren aurretik prestaketa lan guztiak kudeatzen aritu nintzen. Ni pentsiodunen mugimenduko kidea naiz, Alderdi Ederreko pentsiodunen komisioaren barruan nago, eta hainbat lan egin behar izan genituen aurretik, adibidez, pankartak prestatu eta asanbladan mobilizazioaren inguruko erabakiak hartu.
Greba egunaren aurretik, hilaren 28an, Alderdi Ederreko pentsiodunen asanbladak mobilizazioa egin zuen, grebari atxikimendua eman, eta atzo goizeko manifestazioaren berri emateko; hori ere bada aurretik egin beharreko lan bat. Gure mugimenduak erabaki zuen arratsaldeko manifestaziora modu kolektiboan ez joatea, baina nahi zuenak, norbanako gisa joateko aukera izan zuen. Guretzat, garrantzitsua da komunikatzea pentsiodunok ez dugula grebara deitu, baizik eta grebarekin bat egin dugula.
Hala ere, pentsiodunen azken bi urteetako mobilizazioak grebarako abiapuntuetako bat izan dira.
Bi urte mobilizatzen eta borrokan pasa ostean, garrantzitsua zen guretzat gaur egun langileak direnekin ere zerbait egitea, eta sindikatu guztiekin jarri ginen harremanetan. Proposamen bat luzatu genien: haiek ere pentsio publikoen aldeko borroka egun bat antolatzea. Sindikatuekin hitz egin genuen, eta ez zitzaien ondo iruditu joan den azarora begirako mobilizazio bat, hauteskundeengatik. Proposamena aztertuko zutela esan ziguten, baina, azkenean, batzuek ez dute bat egin grebarekin, esaterako, UGT-k eta CCOO-k.
Gure mugimenduak ez dauka inongo loturarik sindikatu eta alderdiekin, eta grebarekin bat egiteak ez du esan nahi sindikatu bati edo besteari mesede egiteko egiten dugunik. Alderantziz, gustatuko litzaiguke sindikatu guztiek bat egitea grebarekin.
Zeintzuk dira pentsiodunek mahai gainean jarri dituzuen aldarrikapenak?
Niretzat, garrantzitsua da nabarmentzea soldatek eta pentsioek daukaten lotura. Hain zuzen, langile batek duen soldataren arabera, jasoko duen pentsioa altuagoa edo baxuagoa izango da. Horregatik, langileen borrokak eta pentsiodunenak elkartzeak logika handia du, izan ere, guk ez dugu bakarrik gure pentsioengatik borrokatzen, baita etorkizunekoengatik ere. Lan arloan dagoen prekarietateak mahai-gainean daramatza urte batzuk, baita horrek gazteei bizitza pertsonal bat eraikitzeko eragiten dizkien zailtasunak ere.
Are gehiago emakumeen kasuan. Emakumeek, izaten dituzten lan motengatik pairatzen dituzten ondorioak argi ikusten ditugu: lanaldi partzialak, ordainsari baxuko enpleguak, eta abar. Gai horiek gizartearen ahotan egon dira, baina orain baldintza batzuk eman dira pentsiodunen mugimendua kalera ateratzeko, eta nik uste dut gure mobilizazioek mesede egin diotela langile klaseari. Nik uste dut kontzientzia batzuk piztu ditugula, eta ikusarazi diegula denok borrokatzen ez badugu, haiek ere etorkizun beltza izango dutela.
Era berean, uste dut botere ekonomiko eta politikoengan ere eragina izan dugula. Pentsioen inguruan hitz egitera behartuta ikusi dituzte euren buruak, eta uste dut kezka sortzen diela. Kezkagarria da haientzat ere gure borrokak langile klasearengan eragina duela ikustea, mobilizaziorako arrazoiak ematen ari garelako.
Greba feministen eragina ikusi duzu greba honetan?
Ez dut oso argi ikusten mugimendu feministaren mobilizazioek eragina izan dutenik pentsio duinen aldeko borrokan. Uste dut zaintza lanen ikusgarritasunean eragin duela; orain arte ezkutuan zeuden lan guzti horiek plazara atera dituzte. Gauza bera gertatu da pentsio duinen aldeko borrokan: krisiaren garai gogorrenetan emakumeok ginen protestatzera gutxien ateratzen ginenak. Gainera, enplegua uzten genuen familia zaintzeko, edo lanaldi osoa bageneukan murrizketa, eskatzen genuen lan horiek egin ahal izateko. Hori pixka bat aldatu dela uste dut. Jendea konturatzen ari da zaintza lanen eta pentsioen artean dagoen loturaz, izan ere, lan horietan dabiltzanak kotizazio laburragoak egitera behartuta daude, eta, ondorioz, pentsioak ere baxuagoak izaten dira haientzat. Mahai gainean agertu dira langile horiek pairatzen dituzten diskriminazioak.
Halaber, mugimendu feministaren aldarrikapenetako bat izan da soldatena, baina nire ustez ez da nahikoa azpimarratu.
Bada grebek ez dutela ezertarako balio pentsatzen duenik. Zer uste duzu zuk?
Pentsiodunen mugimenduaren barruan batzuek pentsatzen dute greba honek ez duela zentzurik, ez delako interlokutorerik egon. Nire ustez, zentzu handia dauka gu hor egon izanak, gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea aldarrikatzen. Zentzua dauka ari garelako, nolabait, Eusko Jaurlaritza presionatzen. Madrilen dago pentsioen inguruko eskumenaren boterea, baina jaurlaritzak ardura zuzena dauka eragina duten beste gai askorengan, esterako, hemengo herritarrek bizi duten prekarietatean, eta aberastasunaren banaketan. Era berean, Eusko Legebiltzarreko taldeekin bildu izan gara, gure aldarrikapen zehatzak azaldu eta Madrilgo gobernuari helarazteko; horrela, pentsiodunen eta gobernuaren arteko interlokuzio zuzena bermatu nahi dugu.
Zein eragin espero duzu izatea grebak?
Nik espero dut grebak behartzea sektore guztien aldarrikapenak kontuan izatera. Guri dagokigunez, uste dut agintariak bultzatuko dituela eseri eta gure aldarrikapenei buruz hitz egitera. Eragina izango du pentsioen gaiarekiko. Halaber, ez naiz egokiena horri buruz hitz egiteko, baina langileen baldintzen inguruko gaia jorratzera bultzatuko dituela iruditzen zait. Lanbidearteko gutxieneko soldataren gaia hor dago, eta nik uste dut sindikatuek gogor bultzatzen jarraitu behar dutela.
Azkenik, espero dut atzoko grebak kontzientziak mugitzeko balio izana.


