«Den-dena nahi dugu. Etorkizuna gurea da»
Gazte mugimenduan eta sindikalgintzan ibilitakoa da Aitor Aldai Moares (Intxaurrondo, 1994). Ikasketak bukatu eta gero, hainbat lan prekariotan aritu zen. Orain langabezian dago eta ikasten dabil aldi berean. Greba egin zuen atzo.

Nola egin zenuen greba?
Momentu honetan ez dut soldatapeko lanik, baina greba egitea ez da soilik lanera ez joatea, greba eguna borroka eguna da. Eguna hasteko, Intxaurrondoko piketeetan hartu nuen parte, gero gosari autogestionatua egin genuen, auzoan zehar kale-biran joan ginen, eta Saguesko zutabera batu ginen. Manifestazioan Gazte Blokean joan nintzen. Arratsalderako indarrak hartzeko, Zulo Zahar elkartean bazkaldu nuen, berriz ere kale-bira egin genuen, eta 18:30ean manifestaziora joan nintzen.
Zergatik egin zenuen greba?
Nik neuk bizi dudan eta nire inguruan ikusten dudan errealitatea eraldatzeko egin dut greba. Hau ez delako «dagoena», aldatu daiteke eta aldatu behar dugu. Grebaren leloak dio: burujabetza aldaketa sozialerako. Burujabetza, hemen lan eta bizi garenez gero, hemen erabaki behar dugulako. Esan diezagutela bestela nola emantzipatu daitekeen gazte bat Espainiak ezartzen duen gutxieneko soldatarekin. Greba orokorra burujabetza ariketa praktiko eta kolektiboa da, geure bizitzen gaineko ekintza zuzena.
Zeintzuk dira gazte gisa grebarako dituzuen aldarrikapenak?
Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartaren aldarrikapenekin bat egin dugu, eta horiez gain bereziki gazteok pairatzen dugun pobretze eta prekarizazio egoerari aurre egiteko neurriak eskatu ditugu: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanaldia; aldi baterako kontratuen eta autonomo faltsuen kontrako neurriak; emantzipaziorako politika eraginkorrak; jokoaren aurkako neurriak, eta abar.
Hala ere, aldarrikapen zehatzez gain, helburua da gazteok kontzientzia hartu, eta bizi-baldintzak aldatzeko antolatzea. Donostiako Gazte Blokearen leloa dioen bezala: Den-dena nahi dugu. Etorkizuna geurea da. Gazteok antolatu eta borrokatu!
Agente zehatz batzuk jarri dituzue jomugan. Nola eragiten dizuete euren praktika neoliberalek?
Behin baino gehiagotan entzun dugu gure gurasoak baino okerrago biziko den aurreneko belaunaldia garela. Beharbada, hasieran ez, baina honezkero askok sinesten dugula esango nuke.
Krisiaren aitzakiapean egiturazko bilakatu diren neurri eta politikak ezarri zizkiguten, eta horien ondorioak ari gara jasaten: soldata kaskarrak, behin-behinekotasuna, lanaldi murriztuak, etxebizitzaren prezio onartezina, espektatiba eza… hau da, prekaritatea. Donostiaren turistifikazioak prekarizazioa sakondu eta areagotu baino ez du egiten.
Gainera, Glovo eta tankerakoak nola hedatzen diren ikusten ari gara; batez ere gazte langileentzat amarrua da, esplotaziori dagokionez koska bat gorago dagoena.
Egoera horren erantzuleak dira jomugan ditugunak: batetik kapitala, patronala; baina baita administrazio publikoak ere. Urkulluk dio ez duela eskumenik aldarrikatzen duguna betetzeko, baina denok dakigu gezurretan ari dela, kontua da ez duela inolako borondaterik.
«Grebek, gaur egun, ez dute ezertarako balio» esaldia dioenik badago. Zer uste duzu zuk?
Ez gara inozoak, badakigu aldarrikapen gehienak lortzea borroka luzearen emaitza izango dela, baina esango nieke borrokak merezi duela, ematen dituela fruituak, eta borrokarik gabe, galduta gaudela. Bizkaiko metalgintzaren adibidea oso hurbil dugu; eta Ipar Euskal Herrian eta Frantziar Estatuan ere izugarrizko borroka ari dira egiten.
Egun ditugun eskubideak borrokaren ondorio dira, kapitalismoaren fase jakin batean langile klase antolatuak kapitalari kendu zizkionak. Egun bizi dugun fasean kapitalak, errendimendua lortzeko, ezinezkoa du eskubide horiek bermatzea eta eraso betean ari da gure kontra. Guri erresistentziara, eta hori baino gehiago, ofentsibara jotzea dagokigu.
Bistan da greba egun bakarrarekin ez dugula iraultza egingo, baina balio dezala entrenamendu gisa, sareak josteko, harremanak egiteko…
Gazteak gehiengo sozial eta sindikalarekin batera mobilizatu zarete. Batasun sozialak zer nolako garrantzia dauka zuen helburu politikoak lortzeko?
Azken urteotan ez da greba orokorrik izan, baina sekulako mobilizazioak izan dira, batez ere mugimendu feministaren, pentsiodunen eta gazte ekologisten eskutik. Egia da gutako askorentzat antolatzea tokatu zaigun aurreneko greba orokorra dela, baina aipatutako mobilizazio horietan arituak gara.
Borroka horien bat-egiteak kristoren potentziala du. Greba honen aldarrikapenak zabalak izan dira, eta euskal jendartearen gehiengo zabal batek bere egiten ditu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak asmatu du mugimendu eta aldarrikapen horien sintesia egiten, eta mobilizatzera deitu du; urduri jarri dira Urkullu, Confebask eta konpainia. Horren erakusle da pentsiodunen mugimenduan arrakala sortzen saiatu izana.
Nola uste duzu eragingo duela grebak? Ondorio positiboak izango ditu?
Niretzat nabarmentzekoa da grebaren aurretik, dagoeneko, utzi duela ondorio positiborik: auzoz-auzo eta herriz-herri sortu diren greba batzordeak, egin diren hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak, harremanak…
Nik uste dut horrek oinarri txukuna utziko duela aurrera begira. Gakoa antolakuntzan dago, grebaren aurretik sortutako hori guztia beharko dugu urtarrilaren 30eko grebaren aldarrikapenak datozen egunetako, eta aurrerantzeko Teleberriko agendan egon daitezen.