Realak Espanyol jasoko du etxean larunbatean, ligako azken sailkatua
Bera Berak Barakaldora bidaiatuko du igandean, Zuazoren aurka jokatzeko. Ez luke norgehiagoka zaila izan behar Imanol Alvarezen taldearentzat, ligako bederatzigarren sailkatua baita talde bizkaitarra, beraz, bere lidergoa berresteko aukera du Bera Berak. Partidarik ez dute galdu oraindik ligan donostiarrek.
Saskibaloiari dagokionez, larunbatean, hilaren 1ean, jokatuko du Ibaeta Basketek. Ciudad de La Laguna Tenerife taldea etxean jasoko du talde donostiarrak. Norgehiagoka garrantzitsua da Ibaeta Basketentzat, hamaikagarren sailkatuak baitira Azu Muguruzaren neskak, eta bederatzigarrenak kanariarrak.
Izotz hockeyan, Txuri Urdin taldeak Madrilera bidaiatuko du larunbatean, Majadahondaren aurka jolasteko. Lidergorako borrokan jarraitzeko aukera ona da norgehiagoka hori, azken sailkatuak baitira madrildarrak.
Azkenik, futbolean, Gonzalo Arconadaren neskek Espanyol jasoko dute etxean, larunbatean. Klasifikazioan gora egiteko aukera bikaina dute donostiarrek, talde katalana ligako azken sailkatua baita. Imanol Alguacilen mutilek, aldiz, igandean jokatuko dute Madrilen, Leganesen aurka.
ESKUBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 12. jardunaldia
- Zuazo Barakaldo – Bera Bera (Igandea, 12:10)
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 19. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Ciudad de La Laguna Tenerife (Larunbata, 18:00)
IZOTZ HOCKEYA
Gizonezkoen senior maila, 18. jardunaldia
- SAD Majadahonda – Txuri Urdin (Larunbata, 14:00)
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 19. jardunaldia
- Reala – Espanyol (Larunbata, 11:00)
Gizonezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Leganes – Reala (Igandea, 12:00)