Mozal Legearen aurkako giza katea egin dute Antiguan
Piztu Donostia plataformak deituta, giza katea egin dute eguerdian Antiguan, elizatik auzoko ertzain-etxeraino, Grebaren ostean ere, Mozal Legea pikutara lelopean. Elizaren aurrean elkarretaratze txiki bat egin dute hasieran, eta giza katean Matia kalea igaro dute, Ez, ez, ez, mozal legerik ez eta Pegata ez da delitua aldarriak oihukatuz, besteak beste. Bitartean, mobilizazioan parte hartu duten pertsona batzuek kartel informatiboak jarri dituzte ibilbide guztitik. Izan ere, plataformaren arabera, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak azken bi urteetan ekintzaile sozial eta politikoei jarri dizkieten isunen kopuruagatik galdetu zioten udalari, eta 289 izan dira 2018an eta 2019an zehar, hamabi zigor hilabeteko, alegia.
Ertzaintzaren komisariara heldu direnean, han itxoiten ari ziren ertzainen aurrean gelditu dira, eta manifestu bat irakurri diete, protesta politiko eta sozialengatik zigorrak ez jartzea eta protestak ez kriminalizatzea aldarrikatuz. Ondoren, giza kateko bi kide komisariara sartu dira, irakurri duten testua ertzain-etxeko arduradunari emateko. Bitartean, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek plataformarentzat idatzitako bertsoa abestu dute denek batera, agenteen aurrean. Plataformako kideek azaldu dutenez, mobilizazioa bukatu dutenean, ertzainek jakinarazi diete isuna jarriko dietela, kontzentraziorako baimenean eskatutako denbora gainditzeagatik. Ekintzaileen arabera, barrura sartu diren bi kideen zain gelditu direlako luzatu dira, besterik ez. Horregatik, umorez hartu dute zigorra, protestari arrazoia eman diotela ondorioztatuz. Plataformak erresistentzia kutxa bat antolatu du, gai politiko eta sozialengatik Donostian isuna jasotzen duten ekintzaileei zigorrak ordaintzen laguntzeko era kolektiboan. Kutxa horretarako ekarpenak edonork egin ditzake, ES17 1550 0001 2000 0922 9329 kontu korrontean.
Hurrengo deialdiak
Piztu Donostia plataformak beste bi mobilizazio antolatu ditu dagoeneko. Alde batetik, beste giza kate bat egingo dute hilaren 16an, Pio XIItik Udaltzaingora, Mozal Ordenantzari ez lelopean, 12:00etan. Bestetik, martxoaren 1ean manifestazioa egingo dute udaletxetik Egiako epaitegietara, 19:00etan, Mozal Hiriari ez, Piztu Donostia! lelopean.