San Martin kalea itxita egongo da ibilgailu pribatuentzat gaurtik aurrera
Metroaren lanak direla eta, San Martin kaleko mozketaren bigarren fasea abiatu dute gaur, larunbatean, kalea ibilgailu pribatuentzat Urbieta eta Hondarribia kaleen artean itxiz. Lanak hasi zituztenetik, errei bakarra izan du San Martin kaleak, baina bigarren fase honetan, garraio publikoa, larrialdietako ibilgailuak, taxiak eta motorrak baino ezin izango dira hortik pasa. Era berean, Urbieta eta Hondarribia kaleen arteko zebrabidean kendu egin dituzte, eta Artzain Onaren katedralaren aurreko autobus geltoki guztiak lekualdatuko dituzte. Jone Argoitiak, Donostiako Udaleko Mugikortasun saileko zuzendariak, adierazi du goizean San Martin kaleko trafikoa jaitsi egin dela eta, beraz, mozketarekin ez dela arazorik egon. Hori dela eta, Urbieta kaleko trafikoa areagotu egin dela azaldu du Argoitiak, Larramendi kalearen inguruan, bereziki. Horregatik, mugikortasun agente bat bidali dute zonalde horretara, trafikoa Parke kaleko ibilbidera bideratzeko.
San Martin kaleko mozketa horrek uztailera arte iraungo du, orduan hasiko baitute lanen hirugarren fasea. Orduan, guztiz itxiko dute aipatu kalea, urtebetez: 2020ko uztailaren 15etik 2021eko uztailera arte. Hori dela eta, udalak kanpaina bat abiarazi du, herritarren garraio ohiturak aldatzeko helburuarekin.