Euskararekin jolasteko hainbat jarduera programatu ditu San Telmo Museoak
Euskara ibiltaria erakusketaren harira hainbat jarduera antolatu ditu San Telmo Museoak, haur zein helduek “euskararekin eta euskaraz jolasteko”. Euskaltzaindiak antolatutako erakusketak euskararen herri-hizkeren aldaeren aberastasuna erakustea du helburu.
Erakusketa ezagutu nahi dutenentzat bi jarduera berezi prestatu ditu museoak: Zeharkako begiradak bisita gidatuak. Lehena joan den urtarrilaren 31n izan zen, eta hurrengoa, otsailaren 13an. Xarles Videgain Euskaltzainak bisita gidatua eskainiko du bere esperientzia eta jakintzan oinarrituta. 18:00etan izango da, doan, aurrez izena emanda: stm_erreserbak@donostia.eus helbidera idatzita eta 943 48 15 61 telefonora deituta.
Pello Añorgarekin eta Juan Kruz Igerabiderekin familia tailerrak
Otsaileko lehen bi larunbatak “euskararekin jolasteko egunak” izango dira familientzat. “Zeregin horretan ibilbide luze eta oparoa duten bi pertsonak gidatuko dituzte haur eta helduak euskararen alde jostagarrienean barrena”, azaldu dute. Hain zuzen, Pello Añorga eta Juan Kruz Igerabide dira bi pertsona horiek. Joan den larunbatean, hilaren 1ean, Añorgak Hitzaren jira-biran jarduera egin zuen. Datorren larunbatean, berriz, Igerabidek Abezedario titirijario jarduera egingo du, alfabetoko letren formekin eta soinuarekin sormena lantzen duen tailerra. 6-10 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat izango da, eta 17:00etan hasiko da. Aurrez izena eman beharko da.
Palindromoekin jolasean
Azkenik, euskararekin eta palindromoekin jolasteko aukera izango da otsailean. Ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakur daitezkeen testuak dira polindromoak, eta otsailaren 2tik 29ra Abere ba. Hamaika abere kapikua jolasa egiteko aukera izango da museoan. Jarduera horiek Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak ostatutako Bigara bikote sortzailearen Abere ba. palindromo ilustratuen piztegia liburua abiapuntu hartuta egingo dituzte; honela azaldu dute jolasa antolatzaileek: “Hizki formako hamaika abere ezkutatuta egongo dira museoan zehar. Hamaika hizkiak aurkitzea eta horiek osatzen duten palindromoa asmatzea izango da jokoaren helburua. Palindromoa zuzen osatzen dutenen artean, hamaika liburu zozkatuko dira. Museoko harreran banatuko dira jokoan parte hartzeko gidak eta parte-hartzaileek bertan utzi beharko dituzte euren erantzunak zozketan parte hartzeko”. Jokoa publiko orokorrari eta familiei zuzenduta dago, eta museoko sarrera eskuratuta har daiteke parte.
Otsailaren 12an, aldiz, Abere ba? Aber ba, helduentzako hitzaldi tailerra egingo du Bigarak, 18:30ean. Palindromoek eta hitzek jolaserako ematen dituzten bideak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Jarduera doakoa izango da, baina aurrez izena ematea beharrezkoa izango da.
Gainera, museoak doako bisita gidatu dinamizatuak eskainiko ditu DBH eta Batxilergo mailetarako, eta helduen taldeentzat.