Gregorio Ordoñezen omenezko plaka eraso dute
Donostiako Udalak PPko zinegotzi izandako Gregorio Ordoñezen omenez jarritako plaka eraso egin dute asteburuan. Antza denez, larunbatetik iganderako gauean, norbaitek plaka zikindu zuen eta hura apurtzen ere saiatu zen. Eneko Goia alkateak eman du gertakariaren berri, sare sozialen bidez: “Erabateko gaitzespena baino ez du merezi bidegabekeria honek”.
Erasoa gertatu zenean, oroitarriak soilik astebete zeraman leku horretan. Udalak urtarrilaren 25ean jarri zuen, Parte Zaharreko abuztuak 31 kalean, Ordoñezen hilketaren 25. urteurrenaren harira. Hain zuzen, plakaren ondoan dagoen La Cepa jatetxean bazkaltzen ari zela hil zuen ETAk 1995eko urtarrilaren 23an. Omenaldian, Ana Iribarrek, Ordoñezen alargunak, adierazi zuen plaka horrek erakusten duela “herritarrek oraindik Gregorio bihotzean daramatela”.
Udalak jakinarazi duenez, plaka dagoeneko garbituta dago eta bere lekuan jarraitzen du.
Gregorio Ordoñez -en oroimenez jarritako plaka erasotu dute. Erabateko gaitzespena baino ez du merezi bidegabekeri honek. Condenamos el ataque a la placa de Gregorio Ordoñez. #Donostia seguirá trabajando por buscar espacios de memoria, reparación y justicia con las víctimas. pic.twitter.com/uyjAQBOZKR
— Eneko Goia (@EnekoGoia) February 2, 2020