Kote Cabezudo bigarren aldiz pasako da epailearen aurretik asteazkenean
Argazkilariak lan kontratuak faltsutzeagatik eta epaiketan dokumentu faltsuak aurkezteagatik deklaratu beharko du. Biktimen aldeko taldeek elkarretaratzea egingo dute epaitegien aurrean, 12:00etan.
Kote Cabezudo, hainbat sexu delituengatik salatua izan den argazkilari donostiarra, berriro ere pasako da epailearen aurretik asteazkenean, bi lan kontratu faltsutzeagatik eta epaiketan dokumentazio faltsua aurkezteagatik.
Salaketaren arabera, Cabezudok berarekin lan egin zuten bi adingaberen kontratuak faltsutu zituen, helduak zirela aditzera emateko. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eskatuko dio epaileari, akusazio partikularrak lau urteko zigorra eskatzen duen bitartean.
Biharko epaiketaren harira, Kote Cabezudoren Biktimentzat Justizia plataformak eta Bidasoaldeko Elkarte Feministak elkarretaratze bat egingo dute epaitegiaren aurrean, 12:00etan.
Cabezudo espetxean dago 2018ko maiatzetik, eta iazko otsailean, epaileak bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion bere aurka deklaratzera zihoan biktima bat mehatxatzeagatik. Bere aurka, ordea, are salaketa larriagoak aurkeztu dira.
Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiko Julian Garcia Marcos epaileak 47 delitu egotzi dizkio argazkilariari, horietako lau askatasun sexualaren kontrakoak. Besteak beste, erarekin lan egin zuten hainbat modelori sexu erasoak egitea eta baimenik gabe irudi pornografikoak zabaltzea leporatu diote Cabezudori, eta guztira 21 emakumek salatu dute. Epaiketa udaberrian abiatu daitekeela aurreikusi du akusazioaren abokatuak.