Lourdes Txiki basoaren harira Enrique Ramos gezurretan ari dela salatu du Haritzalde elkarteak
Haritzalde naturazaleen elkarteak Enrique Ramos Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziaren kargugabetzea eskatu du. Hain zuzen, ohar baten bidez salatu du Lourdes Txiki basoaren harira zinegotzia gezurretan ari dela. Elkartekoek azaldu dute hiru urte igaro direla “baso babestua suntsitu zutenetik”, eta oraindik magal horretan lehengoratze lanik ez dela egin. “Gaia lazgarria da, Enrique Ramos zinegotziak gero zaindu ez zituen lanak agindu zituelako”, adierazi dute.
Era berean, jakinarazi dute, joan den asteko udalbatzarrean, oposizioak gaiaren inguruko mozioa aurkeztu zuela, azalpenak eskatu eta lursaila aurten bertan berreskuratzeko eskatzeko. Hala ere, udal gobernuak mozioa baztertu zuen, eta Ramosen adierazpenak gogor kritikatu dituzte.
Hona hemen Haritzalde elkarteak zabaldu duen ohar osoa:
Urtarrilaren hasieran salatzen genuen aste santuan 3 urte izango direla Lurdes Txikiko bertako baso babestua suntsitu zenetik eta oraindik magal horretan lehengoratze lanik ez dela egin, landare inbaditzaileek lekua hartu dutelarik. Gaia lazgarria da, Enrique Ramos Hirigintzako zinegotziak gero zaindu ez zituen lanak agindu zituelako. Bere jarrera salatu genuen eta dimisioa edo kargutik kentzea eskatu genuen. Haritzaldek dituen 28 urteetan zinegotzi bat kargugabetzea eskatzen dugun lehenengo aldia zen. Baina kendu ordez, ingurumen zinegotzia izendatu zuten! Orain, botere eta ardura handiagoa eman diote… Eta estreinaldi ezin hobea egin du gezurraren gainean gezur gehiago isuriz, inolako lotsarik gabe.
Donostiako Udaleko gobernuaren oposizio politikoak interpelazioak egin zituen eta joan den asteko Udalbatzara mozioa aurkeztu zuen Lurdes Txikiren inguruan, azalpenak eskatuz eta lursaila aurten bertan berreskuratzeko eskatuz. Udal Gobernuak ordea, mozioak baztertu zituen gehiengoa baliatuz eta Enrique Ramosek ez zuen azalpenik eman nahi izan. Are gehiago, interpelazioak izan zirenean, Enriquek esan zuen berak ez zuela inolako gehiegikeriaren berri eta ez zegoela inongo txosten teknikorik Lurdes Txikin gertaturiko txikizioa egon zenik adierazten zutenik. Hortaz, Udalak ez zuela zigor espedienterik ireki eta ez zuela irekiko. Baina gezurra da eta berak badaki. Lanak Aldundiak gelditu zituen, baina batean orain zuzentzen duen Ingurumen Sailak berak geratu zituen. Aldundiak espediente zigortzailea ireki zuen, isuna jarriz. Txostenak egongo dira, ziur gaude, baina Enrique Ramosek hanka-sartze hura aitortzeari uko egiten dio ihesean irtenda gezurraren bidetik.
Berriro ere umeen segurtasunaren kontuarekin egiari muzin egitea da, lanak umeak eskolan zeudela burutu baitziren eta arriskua areagotu baitzen horien erruz. Gehiegizkoa zen 50 metroko gerrikoa ezarri zuen bere departamenduak eta 100koa egin zuen enpresak, gainera baimenik gabe, eta Enrique auskalo nora begira zegoen hura gertatu bitartean. Udaleko Ingurumen Sailak basakeria geratu zuen eta Hirigintzak, bere agindupean, lanak berriro ekiteko agindua eman zuen harik eta Aldundiak berriro ere geratu zituen arte. Babesturiko ehun urtetik gorako harizti babestua zegoen bertan eta suntsitu zuten. Enriquek Donostiako planeamenduaren gainetik pasa zen eta oker hura aitortu eta zuzendu beharrean gezurrari eutsi nahi dio.
Baina ez da afera bakarra, Belartza gaineko betelanak han darrai eta Auzitegi Nagusiak Udalak emandako baimena legez kontrakoa zela esan arren eta epaian argi eta garbi harri piloa kentzeko 6 hilabeteko epea emanda ere, hura gaindituta Udalak ez du Auzitegiko agindua bete. Enrique Ramos da kasu horretan ere erantzule nagusia, baina badirudi Eneko Goiak babesten duela. Larria bezain kezkagarria! Horrelako gertaerak 21. mendean onartezinak iruditzen zaizkigu eta Enrique Ramos karguan minutu bat gehiago ere ezin dela egon uste dugu.
Lurdes Txiki aurten bertan lehengoratu eta naturalizatu! Enrique Ramos kargugabetu!