Ostegunean amaituko da Koldo Mitxelena literatura lehiaketan lanak aurkezteko epea
XXXI. Koldo Mitxelena literatura lehiaketa martxan dago, lanak datorren osteguna, hilaren 8a baino lehenago aurkeztu beharko dira. 8-18 urte bitarteko haurrek eta nerabeek parte hartu ahal izango dute, eta lanak ikastetxeetan zein udaleko Euskara Zerbitzuaren egoitzan entregatu beharko dituzte. Bost lehiaketa mota daude sariketan, kategoria guztiak adin tarte guztietan eskain ez badituzte ere: komikia, olerkia, ipuina, bertso papera eta mikroipuina.
Lanak euskaraz idatziak izango dira, originalak eta inon argitaratu gabeak. Halaber, Euskara Zerbitzuak lehiaketara aurkeztutako lanak argitaratzeko eskubidea izango du egilearen izena adieraziz. Lan horiek prentsa idatzian, ohiko argitalpen modura eta Internet sarean eman ahal izango ditu ezagutzera.
“Aurten berrikuntza txiki bat sartu dugu, eta mikroipuinak aurkez ditzakete hamabi urtetik gorako guztiek; orain arte 14-18 urtekoek soilik zuten aukera hori”, jakinarazi dute antolatzaileek. Sari banaketa maiatzaren 23an izango da, udaletxeko udal batzar aretoan.