Turistentzako Euskarazko Hiztegi Txikia berritu du udaleko Euskara Zerbitzuak
Udaleko Euskara Zerbitzuak euskarazko oinarrizko hainbat hitz eta esaldi bildu ditu Turistentzako Euskarazko Hiztegi Txiki berrituan, Donostiara etortzen diren bisitariek ezagutu eta erabili ditzaten. Hitz horiek guztiak bederatzi hizkuntzatan kaleratu dituzte: euskaraz, gaztelaniaz, galegoz, katalanez, frantsesez, ingelesez, italieraz, alemanez eta, berritasun gisa, japonieraz.
Donostiara datozen bisitarien % 56,79 estatutik kanpo datoz eta horietatik, frantziarrak (% 20,82) eta estatubatuarrak (% 14,86) dira gehienak. Gainera, japoniarren bisitek izan duten hazkundea nabarmendu dute: 2018an 25.197 gaualdi eta 2019an 41.891. Donostiako Udalaren arabera, hizkuntzak funtsezko tresnak dira harremanetarako, eta jakinarazi dute bisitari horietako askok euskararekiko interesa agertzen duela, “gure kulturaren adierazpen nagusia baita”. ” Japoniarrek, besteak beste, interes handia dute turismo bulegora joaten direnean. Hori guztia dela eta, duela urte batzuk kaleratu zen hiztegia berritzea erabaki denean, hainbat eduki berri gehitzeaz gain, japoniera ere gehitu da”, azaldu dute udalekoek.
Oinarrizko hitz eta esaldiak
Hiztegia zazpi zatitan banatu dute: lehenengoan agurrak azaltzen dira; bigarrenean, leku izenak eta horietara joateko oharrak (ezkerrera, behean, urruti, turismo bulegoa, botika…); hirugarrenean, garraio motak; laugarrenean, ostalaritzarekin zerikusia duten hitzak (gela bikoitza, jatetxea, ogitartekoa, eguneko menua…); bosgarrenean, janariarekin eta edariarekin lotura dutenak (kafea, ogia…); seigarrenean, egunak eta hilabeteak eta, azkenik, zenbakiak. Bestalde, euskararen historia eta egoera soziolinguistikoari buruzko zenbait azalpen eta datu ere txertatu dituzte, esaterako, Donostiako eta Gipuzkoako hiztunei buruzko datuak.
Hiztegiaren 30.000 ale argitaratu dituzte “hasteko”, eta turista gehien biltzen diren lekuetan banatuko dituzte, besteak beste, Euskara Zerbitzuan, Donostia Turismoren informazio bulegoetan, hoteletan eta museoetan. Horrez gain, hiztegia eskatzen duten taberna eta merkatarien artean ere banatuko dute doan. Hiztegia ikusgai dago Euskara Zerbitzuaren webgunean.