Erraustegiaren aurkako manifestaziora deitu du Larreko Mahaiak plataformak
Martxoaren 3an jarriko dute erabat martxan Zubietako erraustegia, eta Larreko Mahaia plataformak manifestaziora deitu du otsailaren 29rako. Osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna! lelopean egingo dute protesta, eta 17:00etan hasiko da Easo plazan.
“Larreko Mahaian elkartzen garen eragile sozial eta sindikalek bat egiten dugu erraustegiaren baimena bertan behera uzteko abian dauden eskaerekin, eta agintariei exijitzen diegu otsailaren 29an Donostiako kaleetara aterako garen herritar guztion hitza entzun dezatela”, adierazi dute plataformako kideek ohar batean. “Erraustegia piztuko badute ere”, borrokan jarraituko dutela jakinarazi dute, eta nabarmendu dute, “hitza eta erabakia herritarrona dela” gogorarazten segituko dutela. “Jakin dezatela borroka hau ez dela inoiz amaituko: dena baitugu irabazteko”, gaineratu dute.
Plataformak zabaldutako oharrean, hainbat aldarrikapen zehatz argitaratu dituzte:
- Isilik nahi gaituztenen aurrean indarrak batzeko unea izatea nahi dugu: errausketarik gabeko herri eta lurralde baten aldeko borroka ez da inoiz amaituko, osasunaren, justizia sozialaren eta demokraziaren aldeko borroka baita.
- Herritarrok hitza eta erabakia hartzeko unea izatea nahi dugu: orain arte herritarron ekimenez abiatutako proiektuek erakutsi diguten ildo beretik jarraituko dugula berresteko. Erraustegia gelditzeko ekimen hauek herri oso baten borondatea eta babesa islatzeaz gain, helburua argi eta egingarria dutelako. GuraSOSek irekitako bide juridikoak, Zubietako bizilagunek martxan jarritako kutsadura ikerketak, eta abar.
- Kapitalismo berdeari ateak ixteko unea izatea nahi dugulako. Larrialdi ekologikoaren aurkako estrategia zuritzaileenek eta harresi des-informatiboenek ere ezin ezkutatu baitezakete errausketaren hautu politikoaren ondorioak herriak pairatuko dituela, lurrak pairatuko dituela eta beraz, denborak arrazoia aitortuko digula argi dugu. Larrialdi ekologikoaren kontura eta diru publikoz hornituta, kapitalismo berdeari negozio aukera berriak irekitzen ari direnen parean izango gara.
- Ingurumenaren zaintza ardatz duten eredu iraunkorrekiko atxikimendua eman eta konpromiso kolektibo eta politikoa hartzeko unea izatea nahi dugu: benetako ekonomia zirkularra, hau da, zero zabor sortzea helburu duen dinamikak gipuzkoarron egunerokoaren eta eremu sozioekonomiko ororen logika izatea nahi dugulako.