"Guk ez dugu hotel berrien eraikuntza sustatu"
Ernesto Gasco PSE-EEko politikariak (Amara, 1963) Donostiako Udala utzi zuen joan den astean, 22 urtez zinegotzi izan ondoren. Azken urteetan zeresan gehien eman duen politikaria izan da hirian, turismo, merkataritza eta ostalaritza arloan izan dituen ardurengatik eta Gabonetako argien, merkatuaren eta noriaren proiektuengatik, besteak beste.
Gauza asko bizi ditu Gascok udalean: bere alderdikide Odon Elorzaren gobernu urteak, 2011ko EH Bilduren garaipena eta Elorzaren porrota, eta EAJrekin egon da gobernuan azken bost urteetan. ETAren indarkeria ere hurbiletik bizi izan du, eta hamabi urtez eskolta eraman du. Horretaz gain, LGTB mugimenduko militantea izan da, eta Espainiako Estatuan ezkondu zen lehenengo homosexualetako bat izan zen. IRUTXULOKO HITZAk luze eta zabal hitz egin du Gascorekin, bere ibilbide guztia errepasatuz, eta ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da elkarrizketa osoa. Bitartean, hemen duzue elkarrizketa horren aurrerapen bat:
Hiria hotelez saturatuta dago (hamahiru ireki dira azken bi urteetan eta 2021erako beste horrenbeste irekitzea aurreikusten da), eta turistifikazioa salatzen duten hainbat plataforma sortu dira. Turistifikazio horren erantzule sentitzen zara?
Ni eta nire udal taldea Lasala plazako eraikina saltzearen aurka jarri ginen, han hotel bat egiteko. Gogoratu behar da EH Bildu eta Izagirre alkatea izan zirela eraikin publiko bat saltzeko erabakia hartu zutenak, han hotel bat egin eta udalarentzako dirua biltzeko. Guk ez dugu inoiz hori egin, eta ez genuke inoiz egingo. Gogoratu behar da, baita ere, gu Miramar jauregian hotel bat egitearen aurka egon ginela. Hori Eneko Goiak eta EAJk iradoki zuten, eta guk ezetz esan genuen. Beraz, guk ez dugu hotel berrien eraikuntza sustatu, beste gauza bat da gaur egungo ekonomiak baimentzen duela norbaitek baliabideak baditu eta legezkoa bada, eraikin bat erosi ahal izatea eta hor hotel bat egitea. Zuk ezin duzu hori ekidin. Fenomeno hori mugatu dugu Erdialdean eta Grosen, eta guztiz debekatu Parte Zaharrean. Uste dut neurriak hartu ditugula hotel berriak sortzeko fenomeno horren aurrean, faboratzearen guztiz kontrakoa.
Horretaz gain, bolo-bolo egon dira zure beste proiektu batzuk: Gabonetako argiak areagotzea, Gabonetako merkatua eta noria, esaterako. Proiektu horietan dirua gastatzea zuzena izan da?
Gabonetako merkatua erabateko arrakasta dela uste dut. Ikusi izan dugu argiekin beste hiri batzuk Gabonetako turismoan kokatu egin direla, eta Donostia ez zegoen garai horretako turismoan oso ondo kokatua. Donostiar asko Baionako merkatura joaten ziren lehen, eta orain alderantziz da. Noria arrakasta handi bat da erabileran eta ekonomikoki, udalari 150.000 euroko irabaziak ematen dizkiolako. Beraz, noriak ez dio gasturik suposatzen hiriari, aurkakoa, dirua ematen dio eta onarpen ona duen elementu bereizgarri bat ematen dio. Argiak eta merkatua lanpostuak sortzeko eta tokiko produktuentzat mesedegarriak dira. Dena kritikatu daiteke, baina kaletik jasotzen dudan guztia elementu hauek berreskuratzeagatik zorionak dira, benetan.