Mozorrotutako llama bat da 2020ko Inauterietako kartelaren protagonista
Azken egunetan Kaldereroak dabiltza hiriko kaleetatik, Inauteriak iragartzen. Hain zuzen, bi aste inguru gelditzen dira kaleak kolorez eta alaitasunez betetzeko. Otsailaren 20tik 24era izango dira 2020ko Inauteriak, eta gaur aurkeztu dituzte udaletxean jaiaren nondik norakoak.
Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak aurkeztu du aurtengo kartela. Maher Abed izan da kartelaren diseinatzailea, eta protagonista da mozorrotutako llama bat. Era berean, Momo jainkoa irudikatzeko aukeratu duten pertsonaren berri ere eman du zinegotziak: Mystic konpartsako Ruben Rodriguez. Harekin batera, bere segizioa osatuko dute Maialen Martinek, Edurne Rodriguezek eta Mikel Felipek. Rodriguezek, eskarmentua du Inauterietan, izan ere, 1992. urtean parte hartu zuen lehen aldiz, eta ordutik, soilik 1996an egin du kale.
Inauterien harira, bigarren urtez jarraian, Inauterietako Jantzien Diseinuaren II. Saria antolatu dute. Lehiaketa otsailaren 20an izango da, 21:00etan, Illunben. Aurkezpenean jakinarazi dutenez, lehiaketak hiru sari izango ditu: Donostiako oihal-dendetan erabiltzeko hiru erosketa-txartel. Lehen sariak 2.000 euroko balioa izango du, eta bigarren eta hirugarren sariek 1000 eurokoa.