Pinu-beldarraren aurkako kanpaina abiarazi du udalak hiriko parke eta lorategietan
Urteroko legez, pinu-beldarraren izurritearen aurkako kanpaina abiarazi du Donostiako Udaleko Parte eta Lorategien sailak. Prozesionari gisa ere ezaguna da beldar hori, eta pinuak, zedroak eta haritzak ahultzen ditu, beste izurrite batzuk agertzea erraztuz, eta ohikoa da hirietako parke eta lorategietan.
Horregatik, beldar horientzako tranpa gisa funtzionatzen duten poltsa batzuk jarri dituzte hiriko hainbat zuhaitzetan, herritar asko pasatzen diren lekuetan eta haur parkeetatik gertu, batez ere. Marisol Garmendia Espazio Publikoetako zinegotziak azaldu duenez, tranpa horien helburua zuhaitzen enborrean eraztun moduko bat sortzea da, prozesionariak hodi baten bidez poltsara bideratzeko: “Poltsa horretan jaso eta kendu ahal izango dira, eta, horrela, saihestu egingo da beste zuhaitz batzuetara igarotzea, baita pertsonengan eta animaliengan osasun-arazoak sor ditzaketenak ere, batez ere txakurrak, heriotzak ere eragin baititzake, ile erresuimingarrien bidez”.
Era berean, hiriko hainbat parketako zuhaitzen adarretan ikazkin eta ferratzaile hegaztientzako kaxa-habiak jarriko dituzte, hala nola, Ametzagaña parkean eta Urgullen. Txori horiek pinu-beldarrak jaten dituzte, eta euren txitak elikatzeko erabiliko dituzte, uda erdialdera arte egongo baitira jarrita habiak, espezie horien ugalketa garaian, hain justu. Horrela, izurritea kontrolatuko dute, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak prozesu hori kontrolatuko du, emaitzak Hirilife Hiri Biodibertsitatearen proiektuan erabiliz.