"Asturias, Aranda eta Burgosko lehengusuek 'el vasco' esaten didate. Hemen zergatik ez?"
Sonakay talde donostiarrak ospe handia lortu zuen 2015ean, Mikel Laboaren omenez Txoria txori kantaren bertsio flamenkoa egin zuenean. Taldekideak ijitoak eta euskaldunak dira, eta Yoni Camachok, taldeko abeslariak, izaera hori azpimarratu du Sonakayren artea azaltzerako orduan: “Ijitoak eta euskaldunak gara, eta beste inork ezin du nahasketa hau guk bezain ondo defendatu, bi kulturetatik edan dugulako”.
Aste honetako Hamabietan bermuta atalean aperitiboa hartu dugu berarekin, Amara Berriko S7ete tabernan, honetaz eta besteaz hitz egiteko. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian argitaratuko den arren, hortxe aurrerapen bat:
Komunitate baten puritanismoa mugatzailea izatera iritsi daiteke. Oparotasuna nahasketan dagoela uste duzu?
Bai, eta nahasketa hori esentzia galdu gabe egin daiteke, egiten ari zarena, azken finean, partekatzea delako. Hori da guk nahi duguna, hemen flamenkoa partekatzea, orain arte oso politizatua egon den zerbait delako. Urteetan zehar, gauza espainol baten modura ikusi da, baina hori baino askoz gehiago da. Flamenkoak ez du koskarik egiten, eta ez da espainola, denona baizik. Gizateriaren ondarea da.
Nola ez, leku batzuetan musika hori egiteko ohitura gehiago dago, jazzarekin gerta daitekeen modura. Jerez flamenkoaren sorlekua da, baina flamenkoa ez da Jerezena, denona baizik. Eta euskararekin, berdin. Gure hizkuntza da, hemengoa, baina mundu osora zabaldu dezakegu. Poz handia emango lidake Errusiako jendea Txoria txori abesten entzuteak.
Jendea oraindik harritu egiten da, ordea, hemengo ijito bat euskaraz entzuten duenean, ezta?
Bai, baina gu ikastolara joan gara, hemen jaio den beste edonor bezala, eta gauza normala da guk ere euskaraz hitz egitea. Nola ez dugu, bada, euskaraz hitz egingo, ijitook 400 urte badaramatzagu hemen? Asturiasen biziko banintz, nire seme-alabek bablez hitz egingo lukete, eta Katalunian biziko banintz, berriz, katalanez. Euskaldunak garenez, ordea, euskaraz hitz egingo dute.