Dbusek bost gautxori linea berri jarriko ditu udaran
Bost gautxori linea berri jarriko dituztela jakinarazi du Dbusen Administrazio Kontseiluak gaur. Linea berriak udan jarriko dituzte martxan, “oraindik gaueko linearik ez duten hiriko guneei zerbitzua emateko”. “Hasteko, zerbitzua udan emango da, ekainaren 23a eta abuztuaren 31 bitartean, hilabete horietan erabiltzen baitira gehien gaueko zerbitzuok”, jakinarazi du Dbusek. Uda pasa ostean, linea bakoitzaren erabilera mailaren arabera, aztertu egingo dute gaueko zerbitzua urte osoan jartzeko aukera.
Neurriaren helburua da egunez autobus zerbitzua duten, baina gauez autobusik iristen ez den guneetan ere zerbitzua egotea. Hortaz, gautxori berriek, besteak beste, Oriamendi, Miramon, Ospitaleak, Zorroaga-Mendigain, Rodil, San Roke eta Aldakonea zonaldeak hartuko dituzte. Gautxori linea berriek ostiraletan, larunbatetan eta udako jaiegun bezperetan emango dute zerbitzua, baita zerbitzuak gehitzen diren ekitaldietan ere, Jazzaldian eta Aste Nagusian, esaterako. Irteerak Bulebarretik egingo dira, 0:15 eta 4:00ak bitartean.
Era berean, linea berri horietan ere emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako eskaripeko geldialdi sistema jarriko dutela jakinarazi dute, ibilbideko zenbait tokitan.
Honakoak dira martxan jarriko dituzten gautxori linea berriak:
B5 Aiete-Oriamendi-Miramon linea
- Irteerak Bulebar 15etik (ostiraletan eta jai bezperetan): 0:30 – 1:30 – 2:30 -3:30.
- Irteerak Bulebar 15etik (larunbatetan): 0:15 – 0:45 – 1:15 – 1:45 – 2:15 – 2:45 – 3:15 – 3:45.
B11 San Roke linea
- Irteerak Bulebar 19tik: 1:00 – 2:00 – 3:00 – 4:00.
B12 Aldakonea linea
- Irteerak Bulebar 19tik: 0:30 – 1:30 – 2:30 -3:30.
B13 Rodil linea
- Irteerak Bulebar 19tik: 0:45 – 1:45 – 2:45 -3:45.
B14 Mendigain-Zorroaga-Ospitaleak linea
- Irteerak Bulebar 19tik: 0:15 – 1:15 – 2:15 -3:15.
B7 Igeldo linea
Linea honek egun udan ematen du zerbitzua, ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan, 2:00ak arte, eta bere eskaintza gehituko du 4:00ak arte, eta aldatu egingo du Bulebarreko hasierako geltokia. Irteerak Bulebar 13tik: 1:05 – 2:05 – 3:05 – 4:05.
Gaur egun Dbusek bederatzi gautxori linea ditu, eta horiek ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan ematen dute zerbitzua urte osoan zehar; B7 Igeldo lineak udan bakarrik funtzionatzen du. Gautxori lineen erabilera 2015etik hazten ari dela azaldu du enpresak: orduan 182.525 bidaia egin ziren, eta 2019an, berriz, 215.210.10.