Gozo, hauskor, aztoragarri eta ulertezin
‘Wanda’
Zuzendaria: Barbara Loden
Urtea: 1970
Herrialdea: AEBak
1980. urtea, Paris. Marguerite Duras zinemagile eta kritikariak Elia Kazan elkarrizketatuko du Cahiers du Cinema aldizkarirako. Kazanek zuzendutako Bady Doll (1956) eta America, America (1963) filmen estreinaldi garaia bada ere, Durasek Barbara Lodenen filmari buruz galdetuko dio: «Zure emaztearen filma banatu nahiko nuke, Wanda (1970). Filma mirari hutsa dela deritzot eta ahalegin handia egingo dut publikoak ezagutu dezan. Ni neuk neure burua islatuta ikusi dut pantailan, askotan ibili bainaiz noraezean, irekita jarraitzen duten tabernetan denbora pasa».
Horrelakoxea da Wanda Goronski, filmaren protagonista, zinemaren historiako emakumezko pertsonaia gozo, hauskor, aztoragarri eta ulertezinetako bat. Senarra utzi eta seme-alaben zaintzari uko egin ondoren, kalerik kale eta ohez ohe ibiliko da. Eta norabide gabe dabilela, bere xalotasunaz abusatuko duten gizon desberdinekin egingo du topo, bere burua lapurreta kasu batean nahasturik ikusiko duen arte. Hala ere, ez da emakumea minduko duenik, ez baitu amets ezta itxaropenik. Pennsylvaniako aldirietako auzo industrial bateko outsider delakoa da Wanda.
Barbara Lodenek zuzendutako lehen film hau -eta tamalez, 1980an hil baino lehen zuzentzeko aukera izan zuen bakarra- maisulana da. Bere hitzetan, espetxeratua izanagatik epaileari eskerrak eman zizkion emakume baten istorioan oinarritu zen gidoia idazteko, gizarteko arauetatik kanpo gelditzen den emakume baten erretratu urratzailea eskainiz. Klixe gabe eta erruki gabe, pertsonaia aske utziz.
Horregatik, Lodenek berak idatzi, zuzendu eta antzeztutako drama intimista hau zinema feministaren erreferente bilakatu da. Godardek filma goraipatu eta Isabelle Hupperten ekoiztetxeak eskubideak erosi ondoren, UCLA Film & Television Archive erakundeak kopiaren zaharberritzea burutu du. Horri esker, baliabide minimoekin eta 16mm-tan filmatutako Wanda pantaila handian eta kalitate ezin hobean ikusteko aukera dugu egun.
Eta Wanda baino lehen, Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxek (Sra. Polaroiska) zuzendutako film motza eskainiko dute, No hay nada mas moderno que envejecer (2018). Emakume adinduen gorputzek transmititzen duten amodioa, edertasuna, sexua, dibertsioa eta desira erakusten duen filma. Zergatik ez gaude ohituta hainbeste indarra duten irudi hauetara? Eskerrak Sra. Polaroiskak dantzan dauden emakume hauek begietsi, eta haiekin ohitu gaitezen luzatu duen gonbidapenari. Bada garaia.
Tabakalerak eskaintzen duen ‘Hasieratik. Zinema Feministaren historiak’ fokua osatuko dute bi film hauek, zineman ezohikoak diren pertsonaiak aldarrikatuz: Batetik, indartsu sentitzen diren adineko emakumeak, eta bestetik, huts egitera eta gizarteko arauak hausteari beldurrik ez dioten emakumeak. Barbara Lodenek emakumeek errudun sentitu gabe kalea egitera duten eskubidea aldarrikatzen baitu Wanda filmarekin. Amaiera gisa, Valentin Via eta Marcela Hinojosak, Elias Kerejeta Zine Eskolako komisariotza graduondoko bi ikaslek, aurkeztuko dute emanaldia, Barbara Loden goraipatuaren ibilbidean eta Wanda filmaren testuinguruan sakonduz.