Autobus-bonua eta TAO eskutik iritsi ziren hirira
Otsailean 35 urte bete dira udalak ibilgailuentzako TAO sistema ezarri eta hiriko garraio publikorako autobus-bonua sortu zuenetik. Biek ala biek zeresana eman dute geroztik herritarren artean.
Herritarren mugikortasuna behin betiko aldatu zen Donostian 1985eko otsailean. Izan ere, hilabete horretan, udalak trafikoaren eta aparkamenduaren ordenamendua (TAO) jarri zuen martxan, hiriko erdialdean aparkatzeko prezioak ezarriz eta autoak hor uzteko denbora ordu eta erdira mugatuz. Sistema berriaren ezarpenak “kaotikoa” zen egoera bati irtenbidea ematea zuen helburu, ordura arte inguru horretan aparkatzea sekulako erronka omen zelako. Bada, neurriak lehenengo egunetik izan zuen eragina, erdialdea autorik gabe esnatu zelako.
Kalea guztiz itxuraldatu zen: oinezkoak, aparkaleku hutsak, zarata eza, zirkulazio lasaia… Garaiko prentsan, isunak jartzeaz arduratuko ziren 36 agenteetako batek adierazi zuen horrek greba orokor baten eguna zirudiela.
Herritarrek egun batzuk beharko zituzten sistema berrira ohitzeko. Etxebizitza erdialdetik kanpo zutenek, ordu erdi, ordu bete eta ordu eta erdiko txartelak erosi behar zituzten eremu horretan aparkatzeko, 20, 40 eta 60 pezetan, hurrenez hurren. Eta, egun ezagutzen ditugun makinak oraindik existitzen ez zirenez, jendeak soilik estankoetan eskuratu zitzakeen.
Txartelik gabe aparkatzeko arriskua bere gain hartzea nahiago zuten herritarrek, aldiz, 2.000 pezetako isuna jaso zezaketen. Eta baita autorik gabe geratu ere, udalak sei garabi jarri baitzituen lekuz edo denboraz kanpo aparkatuta zeuden ibilgailuak Atotxako gordailura eramateko.
Lehen egun horretan, garabiek bederatzi auto eraman zituzten gordailura, eta astebetera, berriz, 25 izatera heldu ziren egun bakarrean. Mehatxua erreala zen, alegia, eta autoen erabiltzaileek azkar ulertu zuten hori.
Epe horretan, hain zuzen, autobus zerbitzu publikoak gorakada nabarmena izan zuen, eguneko 1.600 erabiltzaile gehiago erregistratuz. Eta, hura aurreikusi zitekeen fenomenoa zenez, udalak neurri berri bat zuen prest errekamaran.
Autobus-bonua eta prezioaren igoera
TAO sistema ezarri eta astebetera, udalak autobus-bonua sortu zuen, egungo Mugi txartelaren aitzindaria izango zena. Bonuak hamar bidaia egiteko balio zuen, eta 250 pezetaren truke erosi zitekeen Udal Aurrezki Kutxetan ipinitako txartel-makinetan. Ordura arte bidaia bakoitzak 25 pezetako prezioa izan zuenez, neurriak ez zien aurrezterik ekarri herritarrei. Aitzitik, udalak bidaia bakarreko txartela 10 pezetatan igo zuen.
Hainbat herritarrek ez zuten erabakia begi onez ikusi, eta hori bistan geratu zen hiriko autobusetan. Izan ere, ibilgailuetako batzuk garraio publikoaren doakotasunaren aldeko pintaketekin agertu ziren hurrengo egunetan. Eta ez hori bakarrik. Sistema berriaren ezarpenaren egunean, hamabost bat ekintzailek autobus bat okupatu zuten txartelen igoeraren aurkako aldarriarekin, eta ibilgailutik jaisteari uko egin zioten. Azkenean, hainbat udaltzain autobusera sartu behar izan ziren hor protestan ari zirenak kanporatzera.
35 urte igarota, 35 pezeta horiek 1,80 euro bilakatu dira, eta TAO, berriz, hiri osora zabaldu da. Badira, ordea, aldatu ez diren gauzak, aparkatzeko komeriak eta garraio publikoaren prezioari loturiko protestak beren horretan jarraitzen dutelako. Alkateak dio arazo horiek metroak konponduko dituela. Bada, etorkizuneko prentsan ikusiko dugu hori.