Fiskaltzak artxibatu egin du Satorralaiak metroaren aurka jarritako salaketa
Metroaren igarobideak segurtasun arauak urratzen dituela salatu zuen urrian Satorralaia bizilagunen mugimenduak, eta salaketa bat aurkeztu zuten Gipuzkoako Fiskaltzan, Egiako epaitegian. Fiskaltzak, ordea, artxibatzea erabaki du, eta arrazoiekin ez dago konforme Satorralaia.
“Jakinarazi digun erabakiari erreparatuta, lotsagarria da Eusko Jaurlaritzak epaitegiari bidalitako txostenean nola desitxuratu eta maltzurkeriaz ezkutatu egin dituen Metroaren Eraikuntza-Proiektuaren arabera 500 metroko luzera eta 400 eskailera izango dituen Pio Barojako larrialdi-irteeraren inguruan gure salaketan zehatz-mehatz azaldutako irregulartasun nabarmenak”, esan dute.
Haserre agertu dira Idoia Zuriarrain Fiskalaren erabakiarekin. “Inongo kontraste teknikorik egin gabe, Jaurlaritzak bidalitako txostenean emandako sasi-arrazoiak onartu eta salaketa artxibatzea”, azaldu dute. Hans Heydemann aditu eta ingeniari alemaniarrak prestaturiko txostena da Fiskaltzan aurkeztu zuena Satorralaiak. “Gezur biribil batean oinarrituz salaketa artxibatzea iraingarria da”, esan du Heydemannek. IRUTXULOKO HITZAk alemaniarra elkarrizketatu zuen.