Hartza esnatu da auzoetan
Azken egunetan kaldereroak dabiltza hiriko kaleetatik, zartaginak astintzen, eta Inauteriak iragartzen. Asteburuan Loiolako eta Antiguako konpartsak aterako dira kalera. Dena prest daukate bi auzoetan.
Hainbat auzotako kaldereroak kantuan ibili dira joan den asteburuan. Inauteriak iragartzea da kaldereroen funtzioetako bat, eta oraindik bi aste gelditzen direnez, asteburu honetan ere izango da Hungariakoen desfilerik. Inauteriak otsailaren 20tik 24ra izango dira, eta mozorrotutako llama bat da aurtengo kartelaren protagonista.
Asteburu honetan, Loiolako eta Antiguako kaldereroen konpartsak aterako dira kalera. Antiguakoak izango dira lehen: gaur hasiko dute ibilaldia, Benta Berriko kiroldegian, 20:30ean. Handik Txalupagillene plazara joango dira, eta han ezarriko dute kanpalekua. Erreginek «umorez beteriko pregoia» irakurriko dute plazan, eta konpartsaren errepertorio osoa abestu eta joko dute. Auzoko kaleetatik ibili ostean, Errotatxo plazatxoan amaituko dute ibilbidea.
Kaldereroen jaiaren antolatzaileetako bat da Juanjo Calonje eta berritasun gisa nabarmendu du zuzendari berriaren debuta: Mikel Ormazabalek erreleboa hartuko dio Jabi Gomezi. «Oso pozik gaude belaunaldi berrien sarrerarekin, Mikel eta bere kuadrilla auzoko ohiturak mantentzen saiatzen direlako», adierazi du Calonjek. Orotara, 150 kalderero inguru aterako dira zartagina jotzera eta abestera.
Loiolan 29 urtez ospatu dute kaldereroen jaia, eta aurten, beste behin aterako dira kalera larunbatean. Estitxu Artano konpartsako kideak azaldu duenez, 18:00etan hasiko dira, Loiolatarra kirol elkartean, eta han, umeentzat txokolate jana prestatuko dute. Ondoren, erretiratuen elkartera joango dira eta haurrek nagusiei abestuko dizkiete kaldereroen kantak. Jarraian, auzotik zehar jarraituko dute desfilatzen. Tribuaren burua Jose Ramon Pildain izango da, erregina Iñaki Arrillaga eta damak Peio Aranzabal eta Antxon Apezetxea. Jaiari bukaera emateko, afaria egingo dutela azaldu du Artanok: «Nahi duten guztiak ongi etorriak izango dira».
Igandean, Ikasbideko inudeak eta artzainak dantzatuko dira, eta Loiolako Erriberako Ikasbide ikastolan hasiko dute ibilbidea, 11:30ean.