"Ijito batek euskaraz hitz egiten duelako harritzeari utziko diogun egunean, euskarazko flamenkoa ez da bitxia izango"
"Flamenkoa euskaraz egiten duen ijito euskalduna naiz, eta zer?". Besteek euren buruan eraiki dituzten eskemetatik kanpo, norbera sentitzen den modukoa izan behar dela uste du Yoni Camachok, Sonakay taldeko abeslariak.

Zergatik aukeratu duzu S7ete taberna?
Nacho, tabernaren jabea, gure laguna da. Kontzertutxoak antolatu ohi ditu hemen, eta hainbatetan etorri izan naiz. Telebistaren kontuaren aurretik, behin baina gehiagotan jo genuen taberna honetan.
Nolakoa zen Sonakay taldea Txoria txori-ren bertsioaren eta telebistaren aurretik?
Aitaren garajean hasi ginen taldearekin, eta autoa kalera atera behar izaten genuen gu barrura sartu ahal izateko. Hor, entxufe bat eta hautsontzi bat, besterik ez. Ez genuen gehiago behar. Eta jotzera. Ez mikrofonorik, ez kablerik, ez soinu-mahairik, ez ezer. Ordutik hona, hamahiru urte pasa dira.
Gogoratzen dut euria egiten zuenean ura lokal barrura sartzen zitzaigula, eta hori gertatzen zenean, gure bozgorailua aitak azokan saltzen zituen zapata kaxen gainera igo behar izaten genuen, izorratu ez zedin.
Garai hartan, Donostian egiten al zen flamenkorik?
Hirian bazeuden flamenkoa egiten zutenak, baina kantariarekin eta gitarrarekin soilik. Guk hori atsegin genuen, baina larunbat gau batean lokal batera sartu, eseri eta kantari bat entzuten hastea… kosta egiten zitzaigun. Musika atsegin duenak gozatu egingo du, noski, baina horren aditua ez denarentzat erakargarriagoa den zerbait eskaini beharra zegoen.
Donostian ez zegoen runbarik, eta guk hori egitea erabaki genuen. Los Chichos, Los Chunguitos, Estopa, El Barrio, Triana… Horien abesti batzuk prestatu genituen eta kito, dena prest. Gure lehen kontzertua Altxerrin izan zen, apirilaren 8an, Ijito Herriaren Nazioarteko egunean.
Gerora, ordea, euskara gehitu zenioten zuen musikari.
Txoria txori abestiaren bertsioa egin genuenean ez genuen halako zalapartarik espero. Bideoa izugarri pila zabaldu zen, eta bat-batean irratitik eta telebistatik deika hasi zitzaizkigun. Argi ikusi genuen jendeak hori atsegin zuela, eta guk gogoak genituenez, horrekin aurrera egitea erabaki genuen.
Baina beldurra ere hor dago. Nahasketa, inoiz egin ez den zerbait… Eta zu hor zoaz, hori egitera, ‘argiena’ izango bazina bezala. Konfiantza handia behar duzu hori egiteko, eta gure kasuan, gure pisu kulturala erabakigarria izan da. Ijitoak eta euskaldunak gara, eta beste inork ezin du nahasketa hau guk bezain ondo defendatu, bi kulturetatik edan dugulako.
Harro esan duzue beti hori, eta badirudi nolabaiteko molde batzuk apurtu dituzuela.
Ez dago modu bakar bat euskaldun izateko, ezta musika egiteko edo janzteko ere. Asturiasen, Arandan eta Burgosen ditudan lehengusuak bisitatzen ditudanean, haiek el vasco esaten didate. Hemen zergatik ez? Ijitoa naizelako? Bi gauzak ez daude bereizita. Hainbat pertsonak aitortu digute sekula ez zutela imajinatu ijito bat euskaldun sentitu zitekeela. Ba, gu euskaldunak gara, eta gainera segituan nabaritzen zaigun zerbait da: hitz egiteko moduan, agurtzerakoan, mahaian…
Komunitate baten puritanismoa mugatzailea izatera iritsi daiteke. Oparotasuna nahasketan dagoela uste duzu?
Bai, eta nahasketa hori esentzia galdu gabe egin daiteke, egiten ari zarena, azken finean, partekatzea delako. Hori da guk nahi duguna, hemen flamenkoa partekatzea, orain arte oso politizatua egon den zerbait delako. Urteetan zehar, gauza espainol baten modura ikusi da, baina hori baino askoz gehiago da. Flamenkoak ez du koskarik egiten, eta ez da espainola, denona baizik. Gizateriaren ondarea da.
Nola ez, leku batzuetan musika hori egiteko ohitura gehiago dago, jazzarekin gerta daitekeen modura. Jerez flamenkoaren sorlekua da, baina flamenkoa ez da Jerezena, denona baizik. Eta euskararekin, berdin. Gure hizkuntza da, hemengoa, baina mundu osora zabaldu dezakegu. Poz handia emango lidake Errusiako jendea Txoria txori abesten entzuteak.
Jendea oraindik harritu egiten da, ordea, hemengo ijito bat euskaraz entzuten duenean, ezta?
Bai, baina gu ikastolara joan gara, hemen jaio den beste edonor bezala, eta gauza normala da guk ere euskaraz hitz egitea. Nola ez dugu, bada, euskaraz hitz egingo, ijitook 400 urte badaramatzagu hemen? Asturiasen biziko banintz, nire seme-alabek bablez hitz egingo lukete, eta Katalunian biziko banintz, berriz, katalanez. Euskaldunak garenez, ordea, euskaraz hitz egingo dute.
Ijito batek euskaraz hitz egiten duelako harritzeari utziko diogun egunean, euskaraz eginiko flamenkoa entzutea ez da gauza bitxia izango. Gizartearen osasun sintoma bat izango da.
Zuentzat, Laboa, Lertxundi edo Urko, Camaron eta Paco de Lucia bezain erreferente direla aipatu izan duzue. Artista hauek guztiak, zertan datoz bat?
Transmisioan. Musika egitea zerbait transmititzea da. Gaizki abesten baduzu ere, sentimendu bat transmititzea lortzen baduzu, jendeak entzun egingo zaitu. Eta aipatu dituzun artistak horretan bat datoz. Bueno, horretan eta erritmoan. Izan ere, euskal musikak eta flamenkoak bat egiten dute 3×4 erritmoarekin.
Sonakay denontzat izeneko diskoan euskarazko hainbat bertsio argitaratu zenituzten. Iaz, berriz, zuen euskarazko lehen abestia aurkeztu zenuten: Izarrak.
Iker Laurobak idatzitako abestia da. Lagun baten bitartez berarekin lan egiteko aukera eskaini zitzaigunean, guretzako sekulakoa izan zen. Ikerrek gogoa zuela esan zigun, eta prestatu zuena ikusi bezain pronto, argi ikusi genuen egundoko abestia izango zela.
Hasieran kantari egokitzapenak egiten hasi ginen, elementu gehiago gehituz, baina segituan ulertu genuen abestiak bera ederra zela bere horretan, eta ez zuela ia ezer behar. Gitarratxo batzuk gehitu, ukitu flamenko batzuk eman, eta kito. Eta emaitza ezin hobea izan zen guretzat.
Gauza berria izan zen, flamenko abesti bat euskaraz egin den lehen aldia izan zelako. Eta lehenengoa zara, onerako eta txarrerako, batzuetan kolpeak ere jasotzea tokatzen zaizulako. Baina bueno, zorionez, aurrera goaz.
Aurten bigarren diskoa argitaratuko duzue. Zer moduz doa hori?
Espero dugu martxorako eskuen artean izatea. Oraindik gauza batzuk dauzkagu amaitzeko, eta horretan gabiltza, Ketamarekin batera lanean. Guretzako luxu bat da halako talde batek, hamalau urtez bananduta egon ostean, gure diskoan parte hartu nahi izatea. Azken finean, Sonakay osatzen dugunak Ketamarekin hazi gara. Eta, haiez gain, beste artista handi batzuk ere hartu dute parte diskoan: Urko, Golden Apple Quartet… Bikaina izango da.
Diskoaren aurretik, ordea, beste aurrerapen bat egingo duzue, ezta?
Hala da. Hilabete honetan aterako dugun kanta bat da, Rumba txikitita izenekoa. Salsa abesti egin nahi genuen, eta horretarako hiriko gure lagun kubatarren laguntza ezinbestekoa zen. Omar Gonzalezekin ibili gara ekoizten, eta izugarria izan da. Denetarik egiten du: abestu, gitarra jo, dantzan egin… Tipoa Action Man baten bertsio hobetua da, bertsio latinoa. Zoramen bat. Eta egin dugun abestia oso indartsua da: esku-zartak, gitarrak, güiroak, kanpaiak… Runba, salsa eta flamenkoa, dena euskaraz nahasturik. Itzela.