«Orain hasi gara benetan gozatzen»
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionaleko kideak dira Amaia Garin (Parte Zaharra, 1974), Ibon Otaegi (Intxaurrondo, 1975) eta Gemma Pousa (Antigua, 1959).

Aurten, hamabost urte bete dira emakumeek modu parekidean parte hartzeko aukera izan zutenetik, eta 2005etik hona bizitakoa kontatu digute.
Nola dago osatua gaur egun Kaldereroen konpartsa?
Ibon Otaegi (I.O.): Gaur egun, hemeretzi tribuk osatzen dugu konpartsa, eta tribu bakoitzean kide kopuru desberdina dago. 2005ean, konpartsaren banaketa egon zenean, aurretik zeuden elkarteek taldean jarraitzea erabaki zuten, eta beste tribu berri batzuk gehitu ziren. Gaur egun, guztira, ia 400 kalderero elkartzen gara.
2005. urtea inflexio puntu bat izan zen konpartsarentzat. Nola izan zen prozesua?
Amaia Garin (A.G.): Nik azalduko dut nola bizi izan nuen nik. Parte Zaharrean neska talde bat geunden, behin ikastolatik aterata, ikusi genuena Kaldererotan parte hartzeko bidea moztuta. Harremanetan jarri ginen Kultur eta Turismo Ekintzetxearekin, jakiteko nola parte har genezakeen. Esan ziguten beraiek laguntza bat ematen zutela, baina pertsona batek antolatzen zuela guztia. Berarekin kontaktatu genuen eta esan zigun, arazorik gabe atera gintezkeela, baina pandereta jotzen, gizonez osatutako koro bat zelako.
Orduan, hasi ginen konpartsan bertan zeuden gizonezko batzuekin hitz egiten, haiek ere urtez urte ikusten zutelako arazo hori zegoela kuadrilletan: gizonezkoak ateratzen ziren, baina emakumeak, pandereta jotzen ez bazuten, kanpoan gelditzen ziren. Haiekin hitz egin eta gero erabaki genuen urte hartan denboraz larri genbiltzala, eta garrantzitsua zela lanketa txukun bat egitea, gaia ondo bideratzeko.
2004an elkarretaratze bat egin genuen Konstituzio plazan, kanpalekua egiten zuten bitartean, aldarrikatzeko emakumeen partea hartzea kaldereroetan. Konpartsako kide batzuek ere pegatina bat eraman zuten elkartasun keinu gisa. Hortik aurrera, berriz jarri ginen kontaktuan antolatzaileekin, eta bidea hasi genuen.
Gemma Pousa (G.P.): Noski, emakumeek berdintasunez parte hartzeko erabakia ez zen bat-batean gertatu zen zerbait izan. Elkarte guztien barruan egon ziren eztabaidak, eta denek ez zuten batera erabakia hartu.
(I.O.): 2004tik 2005era bitartean, prozesu bat egon zen, batzarrak egin ziren, eztabaidak egon ziren, gaizki-ulertuak, haserreak, eta abar. Bakoitzak bere aldera egiten zuen. Prozesu horren ondoren, 2005ean sortu zen gaur egun ezagutzen dugun Alde Zaharreko Kaldereroen Konpartsa. Egia esateko, nolabait modernizatu egin zen garai bateko konpartsa; berbera zen, baina emakumeen parte hartzea onartzen zuena. Gure konpartsan ez dago inolako diskriminaziorik.
Amaia, lehen elkarretaratze hura egin zenutenetik hamabost urte pasa dira. Nola sentitzen zara orain?
(A.G.): Niretzat, egun berezia da, eta egun horretan bueltatzen naiz garai hartan egindako prozesu horretara. Burura etortzen zaizkit ere horretan parte hartu zuten guztiak, eta orduan sentitutako konplizitateak. Hitzik gabe ere, begiradekin ulertzen dugu elkar pertsona horien artean, eta hori oso berezia da.
Atzera egiten dut, eta gogoratzen naiz borroka hori gurekin hasi zuten, eta gaur egun gurekin ez dauden askorekin, adibidez, ezin ditut aipatu gabe utzi Maixabel [Gaztañaga] eta Pello [Mendizabal]. Gaur egun horrelako konpartsa bat ikustea, %60 emakumeak direnean, konturatzen naiz pasa behar izan dugun guztiak merezi izan duela. Garai haietan zalantza asko sortzen zitzaizkigun emakumeek izango zuten erantzunaren inguruan. Elkarri galdetzen genion: etorri nahiko dute ala ez? Denborak erakutsi digu baietz, jaiak guztionak direla, eta denok parte hartu nahi dugula; denok gozatu nahi dugu festetan.
Emakumeen parte hartzeaz harago, badaude berdintasunerako bidean aldatu beharreko beste faktore batzuk. Adibidez, erreginak gizonek irudikatzen dituzte, baina nekez ikusten dira gizon kaldereroz jantzitako emakumeak.
(A.G.): Gure konpartsan, adibidez, maiz izan ditugu erregina emakumeak. Urtero erabakitzen da nor izango den; hainbat proposamen egoten dira, eta tribu buruen artean bozketa egiten dugu. Elkarteak gonbidatzen ditugu, adibidez, Aspanogi, kultur mundukoak, eta abar. Denetarik izan dugu, eta horren inguruan ez da eztabaidarik egoten.
(G.P.): Iaz, esaterako, Jaizkibel konpainiako kideak izan ziren erreginak.
(I.O.): Saiatzen gara horretan ere parekidetasuna lortzen, denak ez gizonezkoak izaten. Egia da aurten, adibidez, ez dela hori bete, baina beste urte askotan bai.
Zuen konpartsak euskaraz eta gaztelaniaz abesten ditu kantak. Hizkuntzaren inguruko hausnarketa egin duzue?
(I.O.): Garai batetik hona egin den aldaketa bakarra izan da Que belleza abestia euskaraz abestea. Horren inguruan hausnarketa asko ditugu gure inguruan. Egin beharko genukeenaren inguruan eztabaida asko daude, eta askotariko iritziak. Nire ustez, guk bilerak eta entseguak euskaraz egiten ditugu, jende euskalduna gara. Baina nik gauza bati eutsi nahi diot: nik ez nuke erdaraz ez kantatuko, originaltasunari eutsi nahi diodalako. Begi urdin bat euskaraz daukagu Biktoriano Iraolak horrela idatzi zuelako; Canto Hungaro ere abesten dugu, auskalo zein hizkuntzatan [barrez].
Abesti horiek Donostiako udaletxean lan egiten zuen Cadizko gizon batek idatzi zituen. Txirigota zalea zen, eta kantu mota horretan dute jatorria. Inauterietan dute oinarria, eta hori jakin beharra dago. Hortik abiatuta egin behar da eztabaida.
Hamabost urte hauek igarota, zer gelditzen da egiteko?
(G.P.): Atzera begira jarrita, ikusten dut bidea ez dela batere erraza izan. Inork ez du nahi izan gaia kakaztu, eta kanpora atera. Tribuetako jende askok ere ez daki prozesuan tribu-buruek zenbat gauza pasa behar izan ditugun. Oztopo asko izan ditugu bidean, eta ez bakarrik pertsona jakin batzuen aldetik; hainbat hedabidek ere guztiz ez ikusiarena egin digute, eta alde batera utzi gaituzte. Gaur egun oraindik hainbat oztopo ditugu, eta kontsentsuak lortzeko saiakerak egiten jarraitzen dugu. Ematen du Donostian ez dela ezer gertatzen, baina niri gustatuko litzaidake, hamabost urteren ostean, egunen batean guztizko normaltasunera iristea. Gauza bera gertatzen da hiriko beste jaiekin: dena lortu dugula ematen du, baina asko dago egiteko.
(I.O.): Nik uste dut helburuak nahiko beteta ditugula, baina azpimarratu behar da helburu horiek bete ditugula orain. Hamabost urte hauek oso luzeak izan dira zentzu askotan: istilu asko izan ditugu, eztabaidak, liskarrak, gaizki-ulertuak, eta abar. Ez dut esaten ez dagoenik ezer hobetzeko, baina seguruenik orain badaukagu eskatzen genuena, esaterako, emakumeen parte hartzea, gure ordutegia eta gure plaza.
(A.G.): Ezkutuko lan asko egin da. Jende asko egon da urtetan lan egiten, eta niretzat, lortutakoa garaipen bat da. Niretzat, Gaztelubide elkarteko plazan ibilbidea bukatzen dugun unea izugarria da. Plaza hori da dagoen plazarik altuena. Burura etortzen zaizkidalako hamabost urteko bide horretan ibilitako pertsona asko, lan asko eta une asko. Une gogorrak bizi izan ditugu, eta askotan gure artean gorde behar izan ditugu. Horrek sekulako ostia txarra eragin izan digu, eta askotan ezin izan dugu jaia gozatu.
(I.O.): Nik uste dut, hamabost urte eta gero, orain hasi garela benetan gozatzen.