Axular lizeoko Overclock taldeak irabazi du Euskadiko First Lego League txapelketa
Donostiako Eureka! Zientzia Museoan jokatu zen larunbatean Euskadiko First Lego League txapelketa. Axular lizeoko Overlock taldea izan zen irabazlea, euren proiektuari esker: auzotarrek kudeatutako fatxadetarako lorategi bertikal mugigarriak, barruko tenperatura jaistea eta kanpoko soinua moteltzea lortzen dutenak. Bigarren saria Elburgo ikastetxeko Landederros Gamberros taldeak eskuratu zuen. Bi taldeak Espainiako txapelketaren finalerako sailkatu dira.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 35 talde eta 350 parte hartzaile elkartu ziren museoan. Hain zuzen ere, euren proposamenak aurkeztu zituztenak. Aurtengo gaia ondorengoa izan da: City Shaper, bizitzeko eta lan egiteko ingurure hobeak eraikitzea. Proposamenetan, hiriko eraikin edo toki publiko batean arazo bat hauteman eta konponbide berritzailea proposatu behar izan dute.
Museoa ireki zuten momentutik, txapelketako giroa aparta izan zen. 350 gazte inguruk eta 70 boluntariok parte hartu zuten, azken horiek, epaile, arbitro eta laguntzaile modura, eta parte hartzaileen familiako kideak eta lagunak ere bertan egon dira. Guztira, ia 600 pertsona elkartu ziren. Era berean, talde parte hartzaileak animatzen, honako hauek egon dira: Cristina Uriarte, Hezkuntzako sailburua; Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari nagusia; Enrique Ramos, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzia, eta Euken Sese, Donostia Sustapeneko zuzendaria.
Txapelketa antolatzeaz arduratu da Donostiako Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoa, Donostia Sustapenaren bidez eta Innobasque- Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik. Donostia Innovation Campus ekimenaren barruan kokatzen da.