Bankuek armen finantzazioan duten erantzukizunaz ariko dira Koldo Mitxelenan
Asteazkenean hasi eta martxoaren 30era arte Banku armatua armagabetzen jardunaldiak egingo dituzte Koldo Mitxelena Kulturgunean. Banku erakunde ugarik armen finantzazioan duten erantzukizuna eztabaidatuko dute, eta guden aurkako finantza alternatiba etikoak eta herritarren ekimenak aurkeztuko dira. Saioak hilaren 12an eta 25ean, eta martxoaren 9an eta 30ean izango dira, guztiak 19:00etan.
Banku erakundeen eta armagintzaren arteko harremanaz hitz egiteko ondorengoak gonbidatu dituzte: Tica Font (Bakearen aldeko Ikasketen Delas Zentroa), Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Gasteizkoak Talde Antimilitarista. Finantza alternatibo etikoen berri emango dute SETEM, FIARE, Oiko Credit eta Jordi Calvok (Deles Zentroa), herri ekimen antimilitaristak erakutsiko dituzte KEM-MOC, Bake Ekintza Antimilitarista eta Emakumeok Gerraren Aurka kolektiboek, eta azkenik, feminismoaz eta antimilitarismoaz ariko dira Setem, CEAR eta Sudergintza kolektiboak.
SETEM Hego Haizea, Finantza Etikoa eta Bake Ekintza Antimilitarista dira jardunaldien antolatzaileak, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia instituzioen finantzazioarekin.
Donostiako herritarrei armamentua egiten duten enpresen eta bankuen arteko harremanak salatu eta ikusarazi nahi diete. Bankuek zer egiten dute gure diruarekin? galderari erantzuna emango diote. Asmoa herritarrek banku alternatibak daudela ezagutzea da, euren aurrezkiak munduko armagintza eta militarizazioa laguntzeko erabiltzen ez dituztenak.