Dbusek bere historiako bidaien "errekor absolutua" egin du 2019an
Dbusek azken urteetako bidaien datuak jakinarazi ditu, eta 2013tik hona hazkundea etengabekoa izan da. 2019an 29.583.538 bidaia erregistratu zituen, eta horrela, konpainiak bere 133 urteko historian eduki duen bidaien “errekor absolutua” hautsi du. 2018an, aldiz, 29.168.773 erregistratu zituen, beraz, hazkundea nabarmena izan da.
Lanegunetako erabileraren batez bestekoan hautsi den errekorra nabarmendu du konpainiak: 2019an, 93.171 bidaia erregistratu zituzten eguneko eta 2018an, berriz, 91.638. Horrez gain, 2019an beste hainbat errekor hautsi dituzte Donostiako garraio publikoaren erabilerari dagokionez. Alde batetik, konpainiaren historian erabilerarik handieneko larunbata San Tomas eguna izan zen, eta 112.698 bidaia kontabilizatu zituzten. Bestetik, Dbusen historian erabilerarik handieneko hilabetea urria izan zen, eta 2.641.816 bidaia zenbatu zituzten.
Dbusek jakinarazi duenez, hazkundearen zati handi bat 2019an eskaintza hobetu duten zerbitzuetan erregistratu dute; nagusiki, 26 Amara-Martutene eta 35 Antiguo -Aiete-Ospitaleak lineetan. “Linea horietan autobus bat gehiago sartu da lanegunetako zerbitzuaren maiztasuna hobetzeko”, azaldu dute.
Azkenik, 17 Gros-Amara-Miramon lineak laugarren urtez erabileran eduki duen etengabeko igoera azpimarratu dute; 2015eko erabilerarekiko %57,41eko igoera metatua izan du. Laster, Dbusek linea hori erabat elektrifikatuko du, BEI-Bus Elektriko Adimenduneko sistema bat ezarriz. Sistema horretan 18 metroko autobus elektriko artikulatuak sartuko dituzte “zerbitzua emateko, autobusen edukiera hobetzeko eta erabiltzaileei erosotasun handiagoa eskaintzeko”.