Grosen, Ulian eta Erdialdean hotel berrietarako lizentziak etetea eskatu EH Bilduk
Hirian hotel berrien “uholdea” ematen ari dela salatu du EH Bilduren udal taldeak, eta areagotu egingo dela datozen hilabeteetan. Egoera horri aurre egiteko Rikardo Burutaran zinegotziak hiru neurri aurkeztu ditu, eta hiruek “herritarrak babestea” helburu dutela azpimarratu du. Neurri horiek datorren asteko udal batzordeetara eramango dituzte.
Udal gobernuari proposatu diote Gros, Ulia eta Erdialdea ere eremu ase izendatzea. Hau da, Parte Zaharrari emandako izendapena hiriko beste hainbat gunetara zabaltzea eskatu dute. “Horrela, bertan ezingo dira hotelak, pentsioak, aterpetxeak, etab. ezarri, ezta etxebizitza turistikorik ere”, azaldu du Burutaranek.
Bizitegi-jarduera duen eraikin bati hotel-jarduera batena emateko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra aldatzearen baldintza ezarri nahi du EH Bilduk. “Gobernuaren proposamenean Plan Berezi bat baino ez da eskatzen. HAPOren aldaketa bat udal ekimenekoa da, eta Udalak ez badu nahi, ez da tramitatzen”.
Azkenik, ohartarazi dute hotel berriak irekitzeko Parte Zaharrean gaur egun dagoen debekua ekainaren 7an bukatuko dela. “Mehatxua hor dago, baina espedienteak geldirik jarraitzen du”, esan du Burutaranek. “Ekainaren 8tik aurrera berriro eman ahal izango zaizkie lizentziak hotel berriei. Puntu honetan, gogoan dugu enpresa talde batek La Cueva eraikina erosi berri duela. Espero dugu beste atzerapenik ez egotea, horrek interes pribatu jakin batzuei bakarrik mesede egingo liekeelako”, gaineratu du. Eneko Goiari “etxeko lanak” egiteko eskatu diote.