Maria Fontan donostiarrak irabazi du Oihua! sorkuntza egitasmoa
Maria Fontan zinemagile donostiarraren Zerua hautsi zen gaua film laburraren proiektuak irabazi du Oihua! sorkuntza egitasmoa. Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Gazteak bultzatu dute egitasmoa, 35 urterainoko sortzaile hasiberrien euskarazko fantasia generoa indartzeko helburuarekin. Fontanek, irabazle gisa, Paul Urkijo zinemagilearen aholkularitza jasoko du filma gauzatzeko prozesu guztian zehar, eta erakunde publikoek 7.000 euro inguruko aurrekontua emango diote, filma Gipuzkoan grabatzeko. Era berean, Larrotxene Bideorekin elkarlanean eta haren tutoretzarekin ekoiztuko dute Fontanen gidoia.
Oihua! egitasmoaren lehenengo edizioa izan da aurtengoa, eta 39 sortzaile desberdinen 42 gidoi jaso dituzte. Gidoiak aurkeztu dituzten sortzaileetako bederatzi baino ez dira emakumeak, eta parte-hartzaile gehienak Gipuzkoakoak dira, baina baita Arabakoak, Bizkaiakoak, Nafarroakoak eta Bartzelonakoak ere. Epaimahaikideak Paul Urkijo zinegilea, Lorea Hernandez San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissioneko ordezkaria, Unai Guerra Larrotxene Bideoko kidea, Josemi Beltran Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteako zuzendaria eta Arkaitz Basterra gidoilari eta Gaztearen ordezkaria izan dira. Bestalde, aurtengo Beldurrezko Asteko programazioaren barruan egongo da Zerua hautsi zen gaua film laburra, eta Fontan kredituetan agertuko da, 300 euroko ordainsaria jasotzearekin batera, egile-eskubideen kontzeptuarekin.
Epaimahaikideek proiektuaren alderdi hauek azpimarratu dituzte: “Istorioaren egitura aberatsa eta euskal mitologia eta mundu moderno baten arteko nahasketa polita, elkarrizketa eta irudien artean atmosfera erakargarriak sortzeko potentziala eta zinegilearen ikusmen kontzeptua”. Era berean, Fontanek nabarmendu du gidoi hori oso berezia dela berarentzat: “Nire maitasun gutuna nire munstro eta lurraldearentzat”.