100 familia behar dira udan haur errefuxiatu sahararrak harreran hartzeko
Gaur aurkeztu dute 2020ko Oporrak Bakean programaren kanpaina, eta aurtengo leloa izango da Bidaia bat baino gehiago. Badira 30 urte baino gehiago euskal familiek, udako hilabeteetan, haur sahararrak euren etxeetan jasotzen dituztela, eta 2019ko udan, Euskal Autonomia Erkidegora 289 neska eta mutil saharar etorri zirela jakinarazi du Donostiako Udalak. Aurten 10 eta 12 urte bitarteko beste horrenbeste haur etortzea nahi dute, eta, horretarako, 100 familia gehiago behar dituzte.
Familiak lortzeko helburuarekin, Oporrak Bakean programa antolatzen duten elkarte eta udaletxeek kanpaina berri hau prestatu dute. Gainera, euskal gizartea kontzientziatu nahi dute, baita egiten duten lana ezagutarazi ere. “Esaldi horrek oso modu egokian laburtzen du programan parte hartzen duten neska eta mutilen esperientzia, eta baita horiek hartzen dituzten harrera familiena ere”, azaldu dute.
Aurkezpenean, programan parte hartzeko baldintzak azaldu dituzte. Edozein motako familia izan daiteke harrera familia: pertsona bakanak, elkarbizitza unitateak, seme-alabadunak zein seme-alabarik ez dutenak, eta abar. “Baldintzarik garrantzitsuena denbora eta gogoa izatea da, haurrari arreta eskaini ahal izateko, eta bizi eta lo egiteko tokia eskaini ahal izatea”, adierazi dute. Interesa duten familiek informazio guztia aurkitu ahal izango dute Oporrak Bakean programaren webgunean.
Komunitate sahararrak 40 urte baino gehiago daramatza Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan, hamalau urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta programaren bultzatzaileek jakinarazi dutenez, horietatik %30ek hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz. Hori dela eta, Oporrak Bakean programak 10 eta 12 urte bitarteko haur saharar errefuxiatuak udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizi daitezen sustatzen du.
Programak hainbat helburu ditu, besteak beste, umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzea da, hazten ari diren adin honetan lagunduko dituen elikadura egokia jasotzea, osasun azterketak egitea, eta euskal kultura eta Saharako kulturen arteko lotura sustatzea.