2021eko martxora arte ez da bizitoki-guneetan hotelak egiteko baimenik emango
Neurria iazko martxoan argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, baina bere tramitazioa gaizki egin zenez, prozesua urtebete atzeratu da.
Udalak Donostiako Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren (HAPO) Arau Orokorraren aldaketa puntuala onartu du, hiriko bizitoki-eraikinetan baimendutako erabileren erregimen orokorra zehaztuz. Horrela, hainbat zonaldetako bizitoki-guneetan hotelak jartzeko baldintzak zehaztuko dituzte, eta bertan behera utziko dira hemendik 2021eko martxoaren 25era bizitoki-guneetan hotelak egiteko egiten diren eskaeren onarpenak, baimenak eta lizentziak.
Eneko Goia alkateak astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan eman zuen araudiaren aldaketaren berri. Neurria, ordea, aspaldikoa da, 2019ko martxoaren 25ean argitaratu baitzen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Kontua da, orduan eginiko tramitazio akats baten ondorioz, araudiaren aldaketa gauzatzeko prozesua ia urtebete atzeratu dela, aste honetan berriro onartu duten arte.
Ikustear dago oraindik ea tramitazioaren atzerapenak nolabaiteko ondorioak izango dituen edo ez. EH Bilduk, bere partetik, Grosen, Ulian eta Erdialdean hotel berrien lizentziak etetea eskatu zuen astelehenean, besteak beste auzo horiek ere eremu ase izendatzea proposatuz.
Etxebizitza turistikoen azalerak
HAPOren Arau Orokorraren aldaketak etxebizitza turistiko berriak sortzeko baldintzak ere zehazten ditu, Etxebizitzaren Batezbesteko Gutxieneko tamaina hiriko zonalde urbanistikoaren arabera arautuz. Goiak azaldu du Parte Zaharreko eta hiriko zabalguneko bizitoki-guneetako etxebizitzen tamainak batez beste eraikitako 65 metro karratukoa izan beharko duela. Era berean, eraikuntza irekiko bizitokietako etxebizitzak 80 metro karratukoak izango dira batez beste, eta garapen gutxiko eraikuntzen bizitokietako etxebizitzak, berriz, 120 metro karratukoak.
Horrela, Parte Zaharreko zein zabalguneko 120 metro karratu baino gehiagoko etxebizitzak zatitu ahal izango dira, baldin eta zatiketaren ondorioz sortutako etxebizitzetako bat zonaldeko batez besteko tamainakoa bada; 65 metro karratukoa gutxienez, alegia. Zatiduratik ateratako beste etxebizitzak, aldiz, 45 metro karratukoa izan beharko du gutxienez, hori baita legeak ezartzen duen gutxieneko tamaina.