Bankuak eta jardinerak jarriko dituzte Antso Jakitunaren hiribidean, garajeetako aire irteerak disimulatzeko
Amara Berriko Antso Jakitunaren hiribideko alde bakoitiko berrurbanizazio lanek aldaketa bat izango dute, ez baitituzte garajeetako aire irteeretako tximiniak lekualdatuko. Lehen zeuden parterre handiak kentzerakoan, agerian gelditu ziren tximinia horiek, eta auzotarren kezka eragin zuten. Bentilazio hori beste leku batera eramatea “ia ezinezkoa” zela azaldu du Goiak goizeko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. Zonalde konplexua dela gaineratu du, lurra udalarena bada ere, garajeak jabetza pribatukoak direlako.
Hori dela eta, kalearen albo batean jarri behar zituzten jardinerak eta bankuak erdian jarriko dituzte, horrela tximinia horiek disimulatuz. Elementu horiek Araba parketik hurbilen dagoen zatian jarriko dituzte lehenengo, hor egiten ari baitira lanen lehenengo fasea. Horrela, zati horretan lau banku, bi jardinera bikoitz eta lau jardinera indibidual jarriko dituzte.
Aldaketa horretaz gain, berrurbanizazio planak bere horretan jarraituko du, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin. Antso Jakitunaren hiribideko bakoitien espaloi berriak hamaika metroko zabalera izango du oinezkoentzat. Era berean, bost metroko zabalerako zonalde berde bat izango du espaloi horrek, oinezkoen eta trafikoaren artean egongo dena. Bestalde, hiriko hirugarren Smart kalea izango da Antso Jakitunaren hiribidea, Parte Zaharreko Kale Nagusiaren eta Altzako pasealekuaren ondoren. Horrela, zonaldeko argiztapena aldatuko dute, led argiko farolak jarriz, bankuetan mugikorrak kargatzeko USB sarrerak txertatuko dituzte, pertsona zenbatzaileak ezarriko dituzte eta beacons teknologia erabiliko dute zonaldeko komertzioak sustatzeko.