Bera Bera auzunea berrurbanizatzen hasiko dira martxoan
Aieteko Bera Bera auzuneko hainbat zonalde berrurbanizatuko dituzte martxoa eta azaroa bitartean. Lantxabe auzo elkarteak jakinarazi duenez, proiektu osoak bi fase izango ditu, eta lehena izango da martxoan hasiko dutena. Hain zuzen, lehen fasean Zuhaixken pasealeku osoa moldatuko dute, baita Hegaztien pasealekuaren zati bat eta bi bideak elkartzen dituen bidea ere. Berrurbanizazioaren helburuak dira “zirkulazioa arintzea, espaloien sarea hobetzea, eta egoera txarrean dauden errepideak konpontzea”. Donostiako Udalak jakinarazi du Tokiko Gobernu Batzordeak Altuna y Uria SL enpresari esleitu diola lehen fasea burutzeko kontratua; lanek 1.412.803 euroko finantzaketa izango dute.
Lehen fasean, espaloiak bi metro eta erdira zabaldu eta errepidea sei metrora txikituko dute. “Oinezkoen zirkulazioa nabarmen hobetuko da”, adierazi du auzo elkarteak. Horrez gain, errepide guztietan 30 kilometro ordura murriztuko dute onartutako abiadura, eta 20 kilometro ordura Zuhaixken pasealekuko zati batzuetan. Lantxaberen ustez, neurri horrek ahalbidetuko du txirrindulariak errepidetik ibili ahal izatea, horretarako bide espezifikorik gabe. Era berean, ur edangarriaren sistema, ur beltzen eta euri-uren sistema, eta argiztapen sistema ordezkatu eta indartuko dituzte; hori dela eta, zanga berriak irekiko dituzte.
Era berean, bi pasealekuek zirkulazioaren bi noranzkoak mantenduko dituztela azaldu du udalak, Zuhaixken pasealekua eta Hegaztien pasealekua lotzen duen zeharkako bidearen eta Donostiako Atletikoren aparkalekuaren artean dagoen Zuhaixken pasealekuaren tartean izan ezki. Zati hori jaisteko izango da bakarrik, eta ondorioz, goranzko norabidean bidegorria jarriko dute.
Bigarren fasea 2021an gauzatuko dute, eta Hegaztien pasealeku osoa, Donostiako Atletiko alboko aparkalekuak eta merkataritza gunea hartuko ditu; guztira, 1,5 milioiko aurrekontua aurreikusten dute bigarren faserako.
Auzo elkarteak gogorarazi du 2019-2020 aurrekontuetarako egindako proposamen bat, eta zalantza azaldu dute, ea udalak proiektuan hori sartu duen. Proposamenaren arabera, Hegaztien pasealekuko 86 zenbakitik merkataritza guneko saskibaloi pistara bidexka bat egiteak asko lagunduko luke auzotarren mugikortasunean. “Bera Beran eskailera eta desnibel asko daude, eta horregatik, kotxearekiko dependentzia handia dago. Gainera, auzotarrak zahartzen ari dira”, azaldu dute auzo elkartekoek.