'Birritan bortxatua' antzezlana estreinatuko du Aldatzen Laguntzen taldeak
Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko Ion Martinez eta Saioa Royo aktoreak taula gainera igoko dira berriz. Izenburu gordin eta zuzena du lan berriak: Birritan bortxatua. Itzulingururik gabe, argi eta garbi esan nahi diote publikoari zeri buruzko obra den: indarkeria matxista sufritzen duten emakumeen biktimizazio bikoitzean sakondu nahi dute.
Bortxaketa bat sufritu ondoren, salaketa jarriko du protagonistak, eta epaiketan berriz gogoratu beharko du bere herriko jaietan gertatutakoa.
Donostian, Gazteszenan, aurkeztuko dute antzezlana, otsailaren 22an eta 23an, 20:00etan. Sarrerak jada salgai daude Donostia Kulturaren ohiko zerbitzuetan. HITZAkideen artean sarrerak zozkatuko ditu IRUTXULOKO HITZAk laster.